Xole ARAMENDI
IRUÑEA

Hemingway baino, Ernest

Mitoaz harago, hezur-haragizko Hemingway aurkituko du ikusleak, aurrez aurre, oholtzan. Hemingway baino, Ernest aurkituko du. Beldur eta zauriak, beren gordinean. Ehun urte joan dira Ernest Hemingwayk (Illinois, 1899-Idaho, 1961) estreinakoz Iruñeko kaleak zapaldu zituenetik. Urteurrenarekin batera Maritza Nuñezek idatzitako antzezlana estreinatuko da gaur Gaiarre antzokian, Patxi Larrearen zuzendaritzapean.

Julio Alonso sartu da Ernest Hemingwayren larruan.
Julio Alonso sartu da Ernest Hemingwayren larruan. (BGLOBAL SERVICIOS CULTURALES)

1923ko uztailaren 6a zen. 24 urte zituen Ernest Hemingwayk eta “Toronto Star” egunkariko erreportari gisa iritsi zen Iruñera. Julio Alonsok gorpuztuko du idazle eta kazetari estatubatuarra. Iñigo Salinero, Pablo Salaberri, Virginia Cervera eta Manolo Almagro izango ditu ondoan Alonsok Global Servicios Culturales-en “Hemingway” antzezlanean, gaur 20.00etan.

Hemingway baino, Ernest aurkituko du ikusleak. Mitoaz harago, hezur-haragizko pertsonaia. Maritza Nuñezen gidoiaren konplexutasuna nabarmendu zuen Salaberrik, «Hemingway beraren adinakoa». Publikoa harrituko duen galdetuta, hau esan du: «Idazlea, asko edaten zuena, zezenzalea... ez dakigu askoz gehiagorik. Iruñean bere figura oso difuminatua dago, sanferminak ezagutarazteagatik da ezaguna. Obra honetan idazlea, pertsona, eta bere liburuak nondik datozen ikusiko dugu. Idazleak bere bizipenak islatu zituen nobeletan, hori da sorpresa izan daitekeena».

Hil aurreko azken egunetara garamatza antzezlanak. Ospitale psikiatrikoan dago idazlea, elektroshocken eraginpean, bere buruaz beste egiteko saiakerengatik. Erietxeko erizainarekin partekatuko ditu bere azken orduak. «Ez dakigu Hemingway bera den, horrekin jolasten du egileak», azaldu zuen Salaberrik.

«Bere obra guztietan dago heriotza; aitak erakutsi zion bizitzaren parte zela. Hemingwayrentzat ez zegoen bizitzarik heriotzarik gabe», esan zuen Salaberrik. Nuñezen esanetan, bizitza «entzierro» handi bat zen Hemingwayrentzat, heriotza beti hurbil baitzuen -hiru gerra pasatu zituen- eta bizitza pasioz eta mugarik gabe bizi baitzuen. Hortik sanferminekiko zuen lilura. «Iruñea gaztaroaren euforia» zen idazlearentzat -aipatu zuen-. Iruñean bizitako une haiek zituen gogoan bere buruaz beste egin aurreko egunetan». Eldarnio betean, hainbat pertsonaiak joko dute gelako atea. Oroitzapen errealak eta distortsio onirikoak, eskuz esku. «Pertsonaiak eszenatokira ekartzen ditu Maritzak haren oroitzapenak ekartzeko eta gero aldendu berriz ospitaleko gelara itzultzeko». Soldadua, Ezra Pound, Marlene Dietrich... bata bestearen atzetik hurbilduko dira logelako lau pareten artera. «Mundu mailako gertaera historikoak ekartzeko erabiliko ditu Maritzak», azaldu zuen Salaberriak. Eszenografia soila du muntaiak. Ospitaleko gela aseptikoa. «Proiekzioak ere badaude, oso difuminatuak, nahiko ilunak. Batez ere, idazlearen figuran eta beste pertsonaiengan dago fokalizatuta. Oso efektista da, polita».

Hemingway zaurgarria, zauritua, aurkeztuko digute Nuñezek eta Larreak. Dramaturgiaz lehena arduratu da, testua zertxobait egokituta. Hari-mutur ugari ditu obrak. Buru osasuna, familia-harreman gatazkatsuak, gertukoen galerak, gudak sortutako traumak... aurkituko ditu ikusleak agertokian.

Gurasoen eragina du hizpide Salaberrik. «Aita eta ama oso garrantzitsuak izan ziren, batez ere bere haurtzaroan. Bere gorroto, beldur eta ahultasun guztiak gurasoek eragin zituzten. Obrako puntu pisutsuenak dira».

Hego Amerikan hainbat herrialdetan ikusi da lana. Dokumentazio lan sakona egin zuen egileak. Nuñez idazle eta kazetariaren lanak irakurtzetik hasi zen. «AEBetan Hemingway bizi izan zen lekuak ezagutu zituen. Parisen eta Espainia osoan ere ibili zen, hura egon zen tokietan. Eta harekin harremana izan zuten pertsonen ondorengoak elkarrizketatu ditu. Informazio ugari dago obran, baina horrek ez du pisutsu egiten, sintetizatua dago. Oso lan sakona eta polita egin du».

Gorka Pastorrek sortutako musika ia beste antzezle bat da. Hala azpimarratu zuen Larreak. «Asko laguntzen du obra ulertzen, lagungarria da eta momentu batzuetan erabateko protagonismoa du», azaldu zuen Salaberrik.