Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren menera

Rockaren manerak bere menera ekarri gaitu. Hirurogeita hamar urte inguruko rocka da gurea, mundukoa esan nahi dut, lurtarra. Ez da aspaldiko tradizioa, baina zabalkunde izugarria izan du, nahiz eta nonahi ozen entzuten den rockak ez duela iraungo luzaroan, gutxiago jotzen omen dela eta beste “hamaika” lerdokeria. Hala eta guztiz ere, rockak ez du galduko, hurrengo hamarkadetan, izan duen kemena eta jendea erakartzeko indarra. Tradizioa da. Baina tradizioak horretarako daude, beste ekintza batzuen bueltan galtzeko. Tradizioak, gorpuztu ondoren, desagertzeko jaio dira lehenago edo beranduago, eta desagerpena gure jardunari, edo jardun ezari dagokio. Ez tamalez, baizik eta ez dugulako egin.

Orain tradiziotzat ditugun kultura-ohiturak, noiztik dira tradizio? Noiz hartzen du usadio batek tradizio estatusa? Nolatan eman zaio ekintza bati usadio rola? Aldez aurretik badu ekintza batek usadioa izango den usainik?

Adostasun estetikoaz landa, bestelako adostasunak ere eman behar dira usadioak tradizioaren mailara igarotzeko; hots, gutxieneko adostasun ideologikoa edo pentsamenduaren batasuna behar du.

Rockak estetika asko izan ditu eta adostasun ideologiko gutxi. Eskuin indarrei men egin zaie, baina gehienbat ezkertiar itxura handiagoa izan du. Badira bi estilo-nitxo musikaren egitura ofizialak onartutakoak: “anarchist punk” eta “political/protest folk”. Manera militanteak dira.