EDITORIALA

Asilo-eskubidea interes politikoen mende

Aita Mari” ontziak Mediterraneora abiatzeko baimena lortu du. Hala, Europara babes bila ihesi datozen pertsonei laguntzeko bederatzigarren misioa izango du. Bere lana inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu da berriz ere. Pandemian mugak itxi zirenean, asilo bila zetozen pertsonen fluxuak behera egin zuen, baina berriro hazi da eta 2022ko errefuxiatu-kopurua erregistrorik altuenera, 2019kora, hurbildu da. Iaz 5.068 asilo-eskaera izan ziren Hego Euskal Herrian. Hala ere, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak emandako datuen arabera, horietatik %5ek baino ez dute baiezkoa jasotzen, eta kopuru hori, bitxia bada ere, ez da aldatu denboran zehar, eskaera kopurua gorabehera kupo bat ezarrita egongo balitz bezala.

Zehar-Errefuxiatuekin-ek salatu duenez, administrazioak «zailtasun handiak» jartzen ditu eskaera tramitatzeko aurretiko hitzordua lortzeko. Aitzitik, Ukrainako errefuxiatuei eta Afganistanetik datozen pertsona gehienei beren egoera 24 orduan konpontzeko aukera ematen die Europako aldi baterako babeserako zuzentarauak. Kasu horietan, eskaeren %98 onartzen dira. Tramite horiek zailtzen diren bezala, ekimen solidarioei ere trabak jartzen zaizkie. Esaterako, Italiako Gobernuak hasieran itsasoan erreskate lanetan aritzen diren itsasontziei ikuskapen oso gogorrak egiten zizkien, horiek ahalik eta denbora gehien portuan geldirik mantentzeko. “Aita Mari”-ri ikuskapen horietako batek zigor-espediente bat ekarri dio. Italiako Exekutibo berriak lehorreratze selektiboak egitea erabaki du orain, erreskate-taldeen lana beste modu batean oztopatzeko.

Goiko adibideek argi uzten dute Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota dagoen asilo-eskubidea gauzatzeko erraztasunak edo zailtasunak gobernuen erabaki politikoen mende daudela: Exekutiboak interes politikoren bat badu, eskuzabal jokatuko du; bestela, zailtasun eta oztopoak jarriko ditu. Giza eskubideak ez dira formalitate huts bat, ordena juridikoaren oinarriaren parte dira. Modu praktikoan gauzatu behar dira beti, eskatzaileei etorrera erraztuz, eskaera prozesu erraz eta irisgarriekin.