Maite UBIRIA
BAIONA
ERRETIRO ADINA GIBELATZEA XEDE DUEN EGITASMOAREN AURKAKO MOBILIZAZIOA

Borne Erreformaren aurka, orain arteko martxarik handiena Baionan

Frantses Estatuan bezala Ipar Euskal Herrian ere mobilizaziorako laugarren deialdia egina zuten sindikatuek atzo. Erregimen bereziak deuseztatzen dituen Erretreten Erreformaren lehenengo artikuluari bide eman zion Asanblea Nazionalak, bezperan. Erantzuna karriketan neurtu zen. Zinez indartsua izan zen Baionan: 25.000 lagun mobilizatu ziren, antolatzaileen arabera.

Asteburu batean antolaturiko lehenengo mobilizazio ekimenak irudi indartsuak utzi zituen Lapurdiko hiriburuan.
Asteburu batean antolaturiko lehenengo mobilizazio ekimenak irudi indartsuak utzi zituen Lapurdiko hiriburuan. (Guillaume FAUVEAU)

Intersindikalak laugarren mobilizazio egunera deitu zuen atzo frantses Estatu osoan. Aldiz, grebarako deialdirik ez zuen egin, neguko oporrak izanik herritarrei joan-jinak egiteko orduan oztoporik ez zietelako ezarri nahi sindikatuek.

Era berean, Hexagonoan deituriko 250etik gora manifestazioetara herritarrak joateko garraio publikoa martxan izatea ezinbestekoa zitzaien Erretreten Erreformaren aurka, batasunetik, mobilizazio iraunkorra ehundu nahian dabiltzan eragileei.

Mobilizazio dinamika urtarrilaren 9an abiatu zenetik lehen aldia zen sindikatuek larunbatean ezartzen zutela hitzordua. «Nire kasa lan egiten dut, eta ez da erraza niretzat astegun batean lana alboan uztea eta manifestazio batera etortzea», aitortu zion hedabide honi Lea eta Xavier bi seme-alabekin batera protestara batu zen Veroniquek. 10.30ak jota Santa Ursulatik abiatu zen martxan.

Asteburu batean iraganen zen lehenengo mobilizazioa izaki, ikusmin berezia zegoen herritarrek emanen zuten erantzunari buruz. Eta 12.30ak aldera San Leongo biribilgunetik zalantzak uxatzeko moduko bilana egin zuten intersindikalekoek: 25.000 lagun batu ziren protestara Baionan, deitzaileen arabera. Poliziaren esanetan, 15.000 izan ziren.

Batzuek zein besteek aurreneko hiru protestei buruz egin zituzten zenbaketak aintzat hartuta, zalantza gutxi dago atzokoa Elisabeth Borne lehen ministroak izenpeturiko egitasmoaren aurka Lapurdiko hiriburuan eginiko mobilizaziorik handiena izan zela.

Ipar Euskal Herrian gehiengoa duen sindikatuak, CFDTk, aitortu du %20tik gora emendatu dela bere afiliazioa, mugimendua abiatu denetik. CGT eta LAB sindikatuek diotenez, erretreten erreforma kari, «indar batuketa bat» ematen ari da baita zentral horietan ere.

«Inoiz ikusi ez dugun jendea heldu da karrikan», nabarmendu zuen, horren harira, Santizpirita auzunetik Baiona Handian sartu ostean, Suprefetura alboan utzi eta Paulmy etorbidea jendez lepo bete zuen segizioaren aurrealdean zihoan Sud sindikatuko kide batek. Laugarren mobilizazio egunaren bezperan, Asanblea Nazionalak erretreten erregimen bereziak bertan behera uzteko botoa eman zuen, giro oso garratzean igaro zen eztabaidaren ondoren.

Giroa berotzen

Bere aldetik, frantziar presidente Emmanuel Macronek «manifestazioek ez zutela herrialdea blokeatuko» agiantza berria plazaratu zuen. Urtarrilean abiatu zen protesta soziala segurtasun afera gisa tratatzeko saiakera franko egin dute, oharrak plazaratzeko garaian txandakatzen diren Barne ministroak, Gerald Darmaninek, eta Eliseoko maizterrak. Alta, Lapurdiko hiriburuan, eguzkipean, karrikak zeharkatu zituen ibilaldi anitza, koloretsua eta animatua boteregunetik heldutako beldur mezuak deuseztatzeko adibiderik argiena izan zen.

‘L’Estaca’, ‘Bella Ciao’ edo ‘Motivés’ ereserkiak entzun ziren belaunaldi ezberdinetako familia kideak erakarri zituen martxan, batzuk besotik helduta, urrats egiten laguntzearren, eta beste batzuk aulkitxoan, lo kuluxkan.

«Borrokaren bidez irabazi genuena defendatzen dugu», oroitarazi zigun San Leongo petril batean eserita zegoen Anne-Marie izeneko erretretadun angeluarrak.

Intersindikaleko ordezkariek zabaltzen zuten martxaren burua San Leonera heldu eta biribilgunea inguratzeko agindua zabaldu zuten antolatzaileek. Izan ere, milaka eta milaka jende oraindik ere heldu ezinean zela ikusita, berdegunea okupatzeko agindua zabaldu zuten handik gutxira. «Kamioak blokeatuta daude gibelean. Behar dugu bidea zabaldu edo ez dira honaino inoiz helduko», oharra egin zuen bozgorailutik sindikatuko kide gazte batek.

Lasaiki kalakan zen jendeak ez zuen berehala erantzun, baina bigarren edo hirugarren deia entzundakoan, berdegunean sartu ziren azkenean.

Biribilgunearen sarrera libratu ostean, hantxe heldu ziren berdin Bizi talde ekologistako kideak, bandera berdeak astinduz, zein LAB sindikatuaren kamioia eta atzetik zetozen ehunka manifestariak.

Sindikatu abertzaleak hiru mobilizazio egin ditu aste berean. Hala, iragan asteartean, hilaren 7an, intersindikalak deituriko protestan parte hartu ondoren, biharamunean Hendaia eta Irun arteko martxa antolatu zuen, «bi estatuek guraizeak sartzeko duten asmoa» salatzearekin batera, Euskal Herri mailako erretreten sistema eratzea galdeginez. François Mitterrand presidente zelarik egikaritu zen lorpena -erretiro adina 60 urtetan- bere egiten duen zentrala Santa Ursulako plaza eta San Leongo biribilgunea lotu zituen martxara batu zen atzo.

Hurrengo hitzordua

Intersindikala osatzen duten CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSU sindikatuek bilera antolatu zuten Baionako martxa amaitu eta mugimenduaren jarraipenaz hitz egiteko. Izan ere, jakina da Asanblea Nazionalak erretiro adina 62 urtetatik 64 urtetara gibelatzea jasotzen duen artikulua bozkatuko den egunean, otsailaren 16an, bosgarrenez karrikak betetzera joko dutela sindikatuek.