María Luisa GARCÉS, M. Jose DRONDA, Blanca SATRUSTEGUI, Helena ESCALADA, Maite BARRIENDO, Mounir Dijouri NAIR, Iñigo ARRIBAS eta Irune TUBIA
Osasunbideko Lehen Arretako medikuak
GAURKOA

Lehen arreta, konponbide bila

Oinarrizko Osasun Laguntzako mediku talde bat gara. Iruñerriko zein herrietako osasun etxeetan lan egiten dugu, eta gauza batek biltzen gaitu orain: ez dugu egin Nafarroako Medikuen Sindikatuak deitutako greba. Ez dugu eginen gainerako sindikatuek deitutakoa ere, uste baitugu ez zaiela seriotasunez heltzen Oinarrizko Osasun Laguntzaren problemei.

Gure ustez, hausnarketa sakona egin behar da profesionalen ordezkarien, politikarien, herritarren eta elkarte zientifikoen artean akordio batera ailegatzeko, osasuna aurkari politikoek elkarri eraso egiteko aitzakiatzat hartzen ez den itun bat lortzeko.

Garbi dago: problema zailek ez dute konponbide errazik. Oinarrizko Osasun Laguntzaren auziak dituen arrazoi, ertz eta ñabardura guztiez jabetzeko eginahalak egin behar dira haiei modu egokian heltzez gero.

Gu Lehen Arretan profesionalak gara, baina, denok bezala, uneren batean paziente bagara edo izan gara ere.

Guk ikusten ditugun problema batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean:

Lehenengoa. Medikuaren agendan «denetik» sartzen da. Hainbat kontsulta ez daude osasunarekin lotuak, eta kontsulta sobera dira burokratikoak. Horren konponbidean sektore askok parte hartu behar dute:

Laguntza Espezializatuak (sekundarioak) gure gain erraztasunez uzten du burokrazia (errezetaren bisatua, errezeta bera, alta administratibo baina ez klinikoak, «eman diezazula zure medikuak beste bolante bat», haiek gidatutako prozesuen baja laboralak, etab.). Ezin dugu oinarrizko laguntza aldatu laguntza espezializatuaren antolamendu kontu batzuk aldatu gabe.

Enpresek bajak eskatzen dituzte osasun laguntzarik behar ez duten prozesu laburretarako. Gaixoek ez dute osasun laguntzarik behar, baina osasun etxera jo behar dute baja eskatzera (ez dugu zertan ikusi beheitikoa, baina, orobat, ez dugu zertan peritu-lana egin pertsona batek katarrorik ba ote duen egiaztatzeko). Prozesu batzuetan aski da atsedenaldi labur bat egitea etxean. Gure lanari alferrikako zama burokratiko horiek kendu nahi izanez gero, borondate politikoa egon behar du modu legalean bultzatu ahal izateko langilearen autojustifikazioa (Erresuma Batuan egiten den antzera, adibidez), prozesu arin eta laburretarako, jakina.

Instituzioek, ez dakigu inertziak bultzatuta edota beste arrazoi batzuk direla medio, gauza xelebreenetarako eskatzen dute medikuaren txostena: besaulki baterako dirulaguntza bat emateko, aquagym egiten ahal duzula ziurtatzeko edo pertsona batek otordu prestatuak behar dituela esateko (baita ere, dagoeneko ez duela haien premiarik esateko…).

Gizarte guztiak. Hipermedikalizazioa gertatzen ari da azken urteetan, eta goraka doa: hedabideen, sare sozialen eta osasunarekin loturiko sineste faltsuen ondorioz (pertsona gazte osasuntsu bati errutinazko analisia egin beharra, adibidez), besteak beste... Ekintza eta jokabide horiek denek deus gutxi laguntzen dute, osasunari dagokionez.

Horregatik, ez diogu zentzurik ikusten agendako hitzorduen kopurua mugatzeko proposamenari. Aitzitik, zerbait egin behar da gure kontsulten muina geure eginkizunari lotua egon dadin. Gaur egun, osasun arretaren muina ez da berez garrantzitsua den hori atenditzea, baizik eta urgentea, eskatzen zaiguna. Profesionalek ezin dugu lehentasunik jarri gure lanen artean, eta bazter utzi ditugu prebentzioko, hezkuntzako eta komunitate-laneko jarduerak, nahiz eta, berez, funtsezkoak izan behar luketen gure zereginean.

Bigarrena. Harrera zerbitzuek presio handia jasaten dute: batzuetan ezinean ibiltzen dira hainbeste dei atenditzeko, eta, zenbaitetan, jendearen zakarkeria ere jasan behar dute. Aspaldiko problema da plantilla egonkortu beharra, eta Osasun Departamentuak eta sindikatuek heldu beharko liokete problemari konponbide bat bilatzeko. Oinarrizko Osasun Laguntzak ezin du ongi funtzionatu harrera zerbitzu onik ezean.

Hirugarrena. Gai batzuk «tabu» dira: OHU izeneko eredua (Oinarrizko Arretarako Unitatea: mediku bat eta erizain bat paziente kupo batekin, eta gizarte-langile bat OHU batzuetarako), Oinarrizko Laguntzarako profila duten erizainen zerrendak (asistentzia maila hori ezagutzen dutenenak), Oinarrizko Laguntzako beste profil profesional batzuk eta Herrietako Larrialdietako Zerbitzua. Gai horri ez diola inork heldu nahi uste dugu: ez klase sindikatuek, ez sindikatu korporatibistek, ez udalek, ez eta Osasun Departamentuak ere, hauteskunde garaian baikaude.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren longitudinaltasunean sinesten jarraitzen dugu, hots, profesional berak atenditu dezala gehienetan gaixoa, haren ingurune familiar eta soziala ongi ezagututa. Horrek bultzatzen du Osasun Sistemaren ekitatea. Horrela lan egin nahi dugu, kaleari eta komunitateari begira.

Medikuak bere postuan irauteak berebiziko garrantzia du. Dagoeneko jakina da longitudinaltasunak dakarren onura Oinarrizko Osasun Laguntzan. Adibide bezala, Familia-mediku bera 2-3 urtez edota 15 urtez mantenduz gero, murrizketa hauek gertatzen direla frogatu da: larrialdietako zerbitzuen erabilera %13 edota %30 jaisten da; ospitalizazioak, %12 edota %28; eta heriotza tasa, %8 edota %25.

Horretarako, gaur egungo politiketan egiten ari ez den bezala, Oinarrizko Osasun Laguntzan inbertsioak handitu behar dira, giza baliabide eta material gehiago erabiliz, funtzionamendu duin bat egon dadin epe luzera begira. Mediku egoiliarrak fidelizatu behar dira, eta honetarako, sozialki komenigarria dena erakargarri egin behar da. Hau da, espezialitatea ezagutzera eman gradu hasieratik eta honi egunerokotasunean benetan merezi duen garrantzia eman.

Iruditzen zaigu, bestetik, bultzada egokirik gabe erabateko akidurak harrapatuko gaituela, eta Oinarrizko Osasun Laguntza ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzu bilaka daitekeela, unean uneko eta berehalako eskaerei kasu egiteko zerbitzua, longitudinaltasunaren kaltetan.

Estamentu guztietako profesionalak, sindikatuak, farmaziak, herritarrak eta administrazioa gogoetari heltzera animatzen ditugu: nolako Oinarrizko Osasun Laguntza nahi dugu? Nolako aldaketak egin behar dira?