Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Vesga, zelai erdiko «aingura» Valverderen hamaikakoan

Gasteiztarrak 30 urte egingo ditu apirilean. Bere denboraldirik onenarekin gozatzen ari da. Maila bikaina ematearekin batera, hiru gol sartzea lortu du eta bi pase erabakigarri eman ditu.

Mikel Vesga minutu gehien jokatu dituen jokalarietako bat da aurten.
Mikel Vesga minutu gehien jokatu dituen jokalarietako bat da aurten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Mikel Vesgak prentsa aretoan adierazi zuenez, aurtengo denboraldia bere kirol ibilbideko «erregularrena» izan dela esan daiteke. Lezamako goizeko entrenamenduaren aurretik egindako agerraldian aitortu zuen bezala, kosta egin zaio maila ona ematea eta jarraitutasuna lortzea hamaikakoetan. Horregatik, «oso pozik» agertu zen gaur egun taldearen barruan duen eginkizunarekin.

Apirilean 30 urte beteko ditu eta 2024an amaitzen zaio kontratua. Ligan minutu gehien jokatu dituen seigarren futbolaria da. Azken denboraldiko markak gainditu ditu dagoeneko. Ligako partida bakarra galdu du eta Kopako partida guztiak jokatu ditu. Gainera, hiru gol sartu ditu, eta bi pase erabakigarri eman. Vesgak egindako urratsaren adibide bat da penalti jaurtitzaile izendatu dutela. Bota dituen biak barrura bidali ditu.

Erdilari gasteiztarra Valverderen eskeman finkoetako bat da. Esan daiteke, Sancet zelai erdian birkokatzearekin batera eta Muniainekin osatu duen triangeluarekin, teknikariak ikasturte honetan egin duen aurkikuntza edo ekarpen nagusia izan dela. Zelai erdian «aingura» bezala jokatuz bikain moldatzen ari da.

2017an Sportingen utzita egon zenean postu horretan jokatu zuen, baina Athleticen gora gehiago igotzen zen erdilariaren funtzioa betetzen zuen Garitanorekin eta Marcelinorekin. Asturiasko entrenatzailearekin hamaikakoetan egonkortzen hasi zen iragan denboraldiko bigarren zatian, eta bi gol egin ostean guztiz askatzea lortu zuen. Bartzelonaren eta Real Madrilen aurkako Kopako kanporaketak funtsezkoak izan ziren. Dani Garciak lagunduta, aurkariak gainditu zituzten San Mamesen eta zaleen aurrean bikote bateragarria dela erakutsi zuten. Vesgaren ustez, ondo moldatu daiteke Dani Garciarekin, eta eroso jokatzen du Herrera edo Zarraga alboan dituenean.

Onartu zuenez, taldeak gehiago sufritzen du defentsan Sancetek eta Muniainek barrutik jokatzen dutenean; baina, pilota dutenean desoreka handiagoa sortzen dutenez, erasorako onuragarria da. Hurrengo jardunaldian aurkaria izango duten Atleticoren kontra atzean hutsik ezin dutela egin aipatu zuen.