GARA
DONOSTIA

NAIZ eta 40 Minutu Rock, taupada berean elkar batuta

Durangoko Landakon egingo den 40 Minutu Rock jaialdiak eta NAIZek hitzarmena sinatu dute. Sarrerak agortuta daude eta bertaratzen direnek hilabetez gazte-harpidetza doan izango dute.

NAIZeko eta Azkena Rock-eko ordezkariak. Jaialdia otsailaren 25ean izango da.
NAIZeko eta Azkena Rock-eko ordezkariak. Jaialdia otsailaren 25ean izango da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

40 Minutu Rock bueltan da. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, indarberrituta dator hurrengo otsailaren 25ean Durangoko Landako Gunean egingo den musika jaialdia. Etenak, gainera, ez du ordura arte erakutsitako indarrik makaldu. NAIZ eta 40 Minutu Rock elkar batu dira berriro eta 8.000 lagunek sarrerak agortu zituzten otsailaren hasierarako.

Desagertzeko bokazioz jaiotako jaialdi honek, tamalez, bere horretan jarraitu beharra du oraindik. Espetxe politika ankerraren ondorioak pairatzen segitzen dute oraindik ere euskal presoen senide eta lagunek. Bihotz taupada bateratu bat da, nolabait, 40 Minutu Rock jaialdia, eta NAIZek bat egin du berriro ekimenarekin.

Bi aldeek sinatutako akordioari esker, zenbait abantaila izango dituzte bertaratzen direnek. Esate baterako, NAIZen gazte-harpidetza jasoko du opari hilabetez Landakora gerturatzen den orok (harpidetza aktibatzeko jarraibideak jasoko dituzte sarrera erosi duten guztiek). Halaber, kontuan izateko datu bat ere bada ondorengoa: NAIZeko harpidedun guztiek sarrera prezio erdian eskuratu ahal izan dute, eta, horri esker, ehunka harpidedun joango dira Durangora otsailaren 25ean.

Maila informatiboan interesa pizten duen hitzordua da, halaber, 40 Minutu Rock. Hartara, NAIZ Irratiak saio bereziak egingo ditu jaialdiaren egunean bertan, eta Landakon bildutako giroari buruzko kronika eta argazkiak ere ikusgai izango dira NAIZen.

Azken aukera

Azken ohar gisa, antolatzaileek zehaztu dute oraindik sarrerarik ez zuten lagunek azken aukera bat ere izan zutela horiek eskuratzeko, NAIZen sare sozialetako jarraitzaileentzat azken orduko zozketa bat egin baitzen (10 sarrera bikoitz).

Egun osoko egitaraua izango dute Durangora joaten diren zaleek, goizeko 10.30ean zabalduko baitira ateak. Musika eskaintzaren parte izango dira, besteak beste, Merina Gris, Rotten XIII, Bulego, Skabidean, Dupla, Bengo, Huntza, Lukiek, Perlata, Unidad Alavesa, Brigade Loco, Iheskide eta Ginger. Alboko karpan ariko dira KSKA + Azken Erromantikoak, Pary&tiza, Lietako Esan Digluten eta DJ Reimy.

Jaia bi eszenatokitan banatuko da eta hamahiru talderen zuzenekoez gozatu ahal izango da goizaldera arte luzatuko den elkartasun jaialdian. Aurtengoa azkena izatea, hori besterik ez da falta.