GARA
GASTEIZ

Ogeta: «Miseria ikusi dut lurrikaran, etxe asko suntsituta eta jendea kalean bizitzen»

Lurrikararen epizentroan, Adiyaman hirian (Semsur, kurdueraz), eman ditu egun batzuk Gasteizko suhiltzaile Roberto Ogetak. Beste bost kidek lagunduta, taldean joan da hara, Accion Norte gobernuz kanpoko erakundearen babespean. «Nahasita» itzuli da han bizitakoarekin.

Erreskatatzaile bat, biziraule bila Kurdistaneko Semsur hirian.
Erreskatatzaile bat, biziraule bila Kurdistaneko Semsur hirian. (Ilyas AKENGIN | AFP)

«Miseria»; hori aurkitu du Roberto Ogetak Kurdistango Adiyaman (Semsur, kurdueraz) hirian; «etxe asko suntsitu dira eta jendea kalean bizitzen ari da». Txakurrekin lanean aritu dira Accion Norte nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeko sei kideak. Jendea bizirik topatzea zuten helburu, baina ezin: «Ez dugu zorterik izan eta, zoritxarrez, denak hilda aurkitu ditugu».

Hango taldeen eta Turkiako Gobernuaren koordinaziopean egin dute lan, ahal bezala. «Oso zaila izan da, hizkuntza ere arazo izan da, iristeko oso ondo koordinatu ginen, baina bertan egonda zaila izan da beste taldeekin lan egitea, apur bat gure kabuz ibili gara eta eromena izan da», esan zuen Ogetak NAIZ Irratian.

Itzultzaile batekin aritu ziren; hark mezua bidaltzen zien jendea bizirik zegoelakoan nora joan esanez, baina pena du Ogetak ezin izan zutelako inor bizirik atera hondakin artetik. Hango jendea «shock» egoeran ikusi du, «oraindik gertatu dena asimilatzen, hondakinetatik beren kideak ateratzen».

Material egokiarekin lan egiteko zailtasunak ere izan zituzten Kurdistaneko Semsur (Adiyaman) hirian. Olioak eskuratzeko arazoak izan dituzte eta Euskal Herritik eramandako materiala erabili behar izan zuten.

Inguruko herritarrak oraindik gertatu dena asimilatzen dabiltzala nabarmendu zuen Ogetak, etxeetako hondakinak kentzen eta euren herrikideen gorpuak ateratzen ari direlako oraindik.

Hotz egiten du, gainera, zero azpitik zortzi graduko tenperaturak izan dituzte, baina jendea kale gorrian dago, hala ere; «ez dira ausartzen zutik gelditu diren etxeetan sartzen, etxe aurrean su bat egin eta kalean egiten dute lo».

Turkiako Gobernuaren aginduz, aurreikusita zutena baino egun bat lehenago itzuli ziren Gasteizera. Ankarak erreskate lanen fasea amaitutzat eman zuen, hondakinak kentzearena hasteko. Eta horretarako ez omen zuen atzerritik etorritako laguntzarik behar.

«Nahasita» dagoela aitortu du, «inpotentzia» aipatuz, batetik, eta «pena», bestetik. Baina taldea «ondo» dagoela baieztatu zuen. «Gaur lan egitea tokatzen zaigu eta berriro elkartzeko gogoz gaude». Berriro horrelako hondamendiren bat gertatuz gero itzultzeko «prest» daudela gaineratu zuen. Lurrikara hau izan da laguntzera joan den lehendabizikoa. «Berriro antzeko zerbait gertatuko balitz, itzuliko nintzateke», nabarmendu zuen Roberto Ogetak.