EDITORIALA

Ekarpena gorabehera, etorkinak ongi etorriak dira

Eskuinak etengabe erasotzen die migranteei. Inolako sostengu materialik ez duten argudioak erabiltzen ditu, jendea izutu eta atzerritik bizimodu hobe baten bila etortzen diren pertsonen aurka jartzeko. Etekin politikoak lortzeko jarrera xenofoboa hauspotzea oso arriskutsua da. Horien argudio maltzurrak desmuntatzea da demokrata ororen betebeharra. Horixe egiten du Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia sailburuak atzo aurkeztu zuen txostenak, eskuinak zabaltzen dituen oinarririk gabeko gezurrak agerian utzi.

Txostenaren ondorioak argiak dira. Lehenik eta behin, migranteek ekarpen garrantzitsua egiten diote Nafarroako aberastasunari; BPGren %4ko hazkunde gehigarria haien lanaren emaitza da. Egiten duten lanarekin laguntzen dute, hortaz, baina baita kontsumoarekin eta diru-sarrera fiskalekin ere. Gainera, jasotzen dutena baino gehiago ematen dute migranteek: etorkinei zuzendutako politika eta zerbitzu publikoetan inbertitutako euro bakoitzeko Nafarroako ekonomiak bi euro jasotzen ditu. Migranteek gehiago ematen dute eta gutxiago erabiltzen dituzte baliabide publikoak; esaterako, osasungintza, gehienak gazteak baitira. Azkenik, diruz balioetsitako aberastasunean ekarpena egiten dute, baina baita zenbatestea zaila den beste alderdi batzuetan ere; hala nola landa-inguruneko despopulazioa eta zahartzea geldiarazi dute, etorkin gehienak herri txikietan bizi baitira. Ondorioetan azpimarratzekoa da, halaber, etorkinen enpleguaren hazkundea gainerako langileen enpleguaren hazkundearekin batera gertatzen dela. Beraz, ez diete lana kentzen tokiko biztanleei.

Nafarroako Gobernuaren analisi horrek ez du era esplizituan aniztasun horren balioa nabarmentzen, ezta beste kultura batzuekin harremanetan sartzeak gizarteari ematen dion aberastasun material eta immateriala, baina ikerketaren ondorioek argi uzten dute eskuinak migranteen aurka erabiltzen dituen tesiak guztiz faltsuak direla. Gainera, ekarpen ekonomikotik harago, etorkinek eta errefuxiatuek Euskal Herrira etortzeko eskubidea dute eta herri honetan beti izango dira ongi etorriak.