Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Garraioa

Metro geltokitik herriaren erdiguneraino hogei minutuero joaten den autobusa zerbitzu gehienetan hutsik zihoala ohartu nintzen etxekoengana bisitan joan nintzenean. Neguan hori gertatzea normala dela esan zidan amak, ikasleak oporretan daudela eta eguraldia dela-eta bisitari asko ez direla kostaldera hurbiltzen.

Udan, aldiz, bidaiari kopuru handiari toki egiten nahi eta ezinean ibiltzen zirela gaineratu zuen, gertakari batek bestea berdinduko balu bezala. Bitxia iruditu zitzaidan “normala” adjektiboaren erabilera oharkabea, zerbait ziurtzat jotzen den seinale, kasu honetan garraio publikoa bera. Berdin du hutsik ala beterik doan autobusa, zerbitzua egon egongo da. Badakit herritarrek ordainduriko zergei esker horrela dela, eta, halere, atzerrian bizi naizenetik garraio publiko funtzionala edukitzea zer nolako pribilegioa den burutik kendu ezinda nabil. Pentsa, ikasle batek behin autobusa hartzen ikusi eta galdetu zidan ea pobrea ote nintzen, jende “arruntak” kotxea erabiltzen zuelako batetik bestera joateko.

AEBetako lau estatutan bizi izan naiz eta denetan, hiri handi gutxi batzuk kenduta (nahiz horiei buruz ere dezente esan daitekeen), garraio publikoaren erabiltzaile izateak masokismo dosi nabarmena eskatzen du. Ez da ibilgailuak etengabe matxuratzeko joera bakarrik; gutxitan iristen dira garaiz eta zerbitzua bertan behera geratzen bada, edozein delarik kausa, inor ez datorkizu abisatzera. Eta, ez, toki gehienetan ez dago zerbitzuen berri ematen duen pantailarik.