Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Deserosotasunaren alde

Iruinkokoa zen igandean, Iruñeko inauteri euskalduna. Dantzak, musikak eta antzerkiak osatzen dute eguerdiko emanaldia, eta bosgarren edizio jendetsua izan zen, gure pozerako. ‘Gu’ diot, kokobeltz bat bainaiz -kokoxuri dantzariaren alter ego gaiztoa-, eta harrera ona islatu du plaza beteak. Izan ere, libertimendua honen bila doa, norberaren erreakzioa eta parte hartzea. Horretarako, hainbat gai eta erreferentzia deigarri (ez esateko polemiko) plazaratzen dira, ikusle identifika dadin. Jeikaldi artean, krisi ekologikoa, Irulegiko eskua, sexualitatea, Iruñeko gertakari politikoak edo euskararen inguruko eszenak ikusgai ziren. Lehena gogor hasi zen, zehazki, arrazakeriari buruz. Izotza apurtzeko moduan. Sarritan tabutzat jotzen den gaia lantzeko, esamolde gordinak, broma bordeline edo egoera ezerosoak ziren protagonistak. Ordainez, onomatopeiak eta beste isilaldi adierazgarri batzuk eskapatu ziren publikotik. «Uf, ausartu zarete», bota zidan lagun batek bukaeran.

Nik ere esan beharra dut entseguetan zenbait enbarazu eragin zidala. Baina prozesu bat da, hain zuzen ere, eta gakoa da ulertzea libertimenduak baduela lizentzia gure buruak ispilu aurrean jartzeko, kontraesanekin batera. Beraz, hurrengo aldia izan dadila are ospetsuagoa eta deserosoagoa, konfort zonatik kanpo.