Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren hegemoniak

Kultura hegemonikoek kultura txikiagoak irensten dituzte. Euskal kulturak hegemoniarik izan al du inoiz? Orain, “kultura”-ren ordez, “musika” hitza erabiliko dut. Beraz: musika hegemonikoek musika txikiagoak irensten dituzte. Euskal musikak hegemoniarik izan al du inoiz?

Euskal kultura erdal kulturen hegemonikotasunen mende eta menera egon da beti. Beti asko esatea da. Idatzitako historiaren lerro ideologiko batek dio gure kultura berantiarra dela. Idatzitako historia hegemonikoaren lerro ideologikoak ez du inoiz aintzat hartu euskal kultura. Hemen ere arestian egindako ariketa egingo dut, “kultura”-ren ordez “musika” idatzita. Euskal musika ere berantiarra dela esango du historia ofizial menderatzaileak. Estatu espainiarrean musika independentearen sektoreko UFI-n (Union Fonográfica Independiente) euskarak atal txiki bat du, zeharo zirkunstantziala da. Hemengoek baino ez dute begiratuko nori eman zaion saria euskal ataltxoan. Euskal Herrietan egiten diren musika sarietan bertoko taldeentzat baino ez dago tokirik, eta eskerrak, bestela bertoko batek nekez eraman lezakeelako saririk. Baina horrek ez du esan nahi euskal musika hegemonikoa denik. EHko kaleetan entzuten den musika, orokorki, ez da euskal musika. Euskaraz egiten den musika ez da inon hegemonikoa. Izango al da? Hegemoniek bazterketa dakarte, inperialismoa. Hori bai, gustatuko litzaidake jende guztiak euskara jakin eta erabiliko balu.