GARA
LIBREVILLE

Macronek «estrategia berria» aurkeztu nahi dio Afrikari

Emmanuel Macron presidente frantsesak lau eguneko bira hasi zuen atzo Librevillen, Afrika erdialdean, antzinako metropoliaren eraginak etengabe atzera egin duen kontinente beltzarekin «harreman berriak» gorpuzteko. Helburu zaila da, ordea.

Errusiaren eta Putinen aldeko ikurrak, Kinshasan.
Errusiaren eta Putinen aldeko ikurrak, Kinshasan. (A. MPIANA | AFP)

Emmanuel Macron Eliseoko maizterra arratsaldeko azken orduan iritsi zen Gabongo hiriburura. Handik Angolara, Kongora eta Kongoko Errepublika Demokratikora joango da bidaia honetan.

2017an agintera iritsi zenetik Afrikara egin duen 18. bidaia da, baina oraingoa Estatu frantsesak lau urterako estrategia afrikar berria aurkeztu eta bi egunera egin du.

Afrikan Frantziarekiko erresumina gero eta handiagoa dela onartuz, Macronek kontinente beltzarekin «harreman berri, orekatu, elkarrekiko eta arduratsua eraikitzeko» konpromisoa hartu zuen astelehenean.

Presentzia militarra murriztuko duela ere iragarri zuen, erresumin horrek behartuta dela esan ez bazuen ere. Hori bai, gazte afrikarrek independentzia indartu nahi dutela onartu zuen.

«Demokrazia lehenik»

2022ko abuztutik, Armada frantsesak Mali, Burkina Faso eta Afrika Erdiko Errepublikatik alde egin behar izan du. Desinformazioa bultzatuz, eta Wagner mertzenarioen taldea han dela, Errusiak aurrea hartu dio Estatu frantsesari Afrikan.

«Gure lehen interesa demokrazia da», ziurtatu zuen Macronek. Hori bai, «Frantziaren interes ekonomikoak defendatzeko» eskubidea aldarrikatu zuen; are gehiago, Errusiaz gain, Txina eta Turkia kontinentean aurrera egiten ari diren honetan.

Gabonen, oposizioak Ali Bongo presidentea «leuntzea» leporatzen dio Parisi. 2016an baldintza polemikoetan hautatua izan zen eta aurten berriro hautagaitza aurkez lezakeela adierazi du.

Joao Lourenço Angolako presidentea 2022an berriz hautatua izan zen, MPLAren izenean; alderdi hori herrialdeak 1975ean independentzia lortu zuenetik dago boterean eta denbora luzez alderdi bakarra izan da.

Bidaiarekin jarraituz, Macronek geldialdi labur bat egingo du Brazzavillen, non Denis Sassou Nguesso presidenteak ia 40 urte bete dituen boterean. Bira Kongoko Errepublika Demokratikoan amaituko du. Felix Tshisekedi presidenteak aurtengo hauteskundeetan berriro aurkezteko asmoa du. Herrialdeak pairatzen duen gerran Ruandak matxinoak babestea eta Parisek ezer ez esatea leporatzen zaio Estatu frantsesari.