Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Jarraipena

Claire Keeganen “Antarctica” (1999) ipuin bilduma abiarazten duen narrazioan, protagonista hiriburura abiatzen da, klase ertaineko etxekoandreen bizimoduaren egunerokotasun aspergarritik etenaldi labur bat izango den itxaropenarekin. Bidaia Gabonetako erosketak egiteko aprobetxatuko duela esana die senarrari eta seme-alabei; aspaldian buruan darabilen fantasia da hirian igaro behar duen asteburuan ezezagun batekin larrua jotzea.

Gauza bat da ameskeria eta beste bat errealitatea, ordea. Bere desio ezkutua gauzatzeko aukera izango du, baina etxera itzultzeko prestatzen ari dela, imajinatu ezin duena da aire misteriotsuko maitale ezezagunaren apartamentura egitear den bigarren (eta ustez azken) bisitan, hark eskumuturrak ohera lotu eta preso hartuko duela. Gainerako ipuinek ere emakumeak dituzte protagonista eta, lehenengo narrazioak deskribatzen duen larrialdi egoeraren pareko gertaerarik azaltzen ez badute ere, guztietan antzeman daiteke arrisku puntu bat itogarria den bakardadetik ihes egin nahi duenaren zain (baina ihes egin ezin duena ere ez dago arriskutik salbu), oraindik ere genero bereizketa zurrun baten arabera funtzionatzen duen gizarte batean emakume izateak zer dakarren azaleratuz.

Ipuin hauek irakurrita, begi-bistakoa da Claire Keeganen lanean eragina dutela emakumeen bizipenak ardatz izan dituzten idazleek, Edna O’Brien-ek eta Anne Enright-ek, esate baterako. Hiru idazle belaunaldi ezberdin; antzeko gaiak, kezkak, beldurrak eta oztopoak. Irlandari buruz zerbait esan dezake horrek.