Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

40º zero azpitik, Groenlandiako hormek bestelako itxura bat hartu dute

Pawel Haldas eta Marcin Tomaszewski poloniarrek uharteko neguko lehen big wall-a osatu berri dute. Hamalau eguneko jardueran sortu dute “Fram” bidea (M5, A3, C2, VI, 700 m).

Big wall kontzeptua Marcin Tomaszewskiren DNA-n erabat txertatuta dago. Denbora asko darama mundu zabaleko hormatzarretan ekarpenak egiten. Urtaroari ez dio gehiegi begiratzen, baina azken urteotan argi erakutsi du neguko eskaladen aldeko apustu argia egiten dela. Espezialista handi honek curriculum itzela du tenperatura oso hotzetan eginiko aktibitateetan: Uli Biaho Gallery, Baffin, Troll Wall…

Poloniarraren arabera, big wall-a neguko igoera bertikalak egiteko estilo aproposena eta eraginkorrena da. Eta hori argi utzi du Pawel Haldas herrikidearekin Groenlandian egin duen espedizioan. Sokada horrek uharte erraldoi horretako neguko lehen big wall-a zabaldu du. “Fram” (M5, A3, C2, VI, 700 m) du izena, eta eskalada hori biribildu ahal izateko hamalau eguneko lan eskerga behar izan dute.

Berez, Storoen, Uummannaq eta Agpat uharteetako hormak aztertu zituzten, baina, fiordoetako izotzaren baldintza kaskarrak ikusita, Groenlandiako mendebaldeko kostara abiatu ziren. Inuitekin esploratzen egon ondoren, zabaleran sei kilometro dituen murru bertikal bat topatu zuten. Hormatik oso gertu zegoen azalera izoztuan dendak altxatu eta hurrengo bi asteetan “Fram” osatu zuten. Protagonistek azaldu dutenez, ageriko marra bat sortu dute.

Eskalada horretan izan dituzten baldintzei dagokienez, aurreratu behar da lehen egunetan zeruak oskarbi izan zituztela; tenperaturak -40°ra jaitsi ziren. Izozketak saihestu ahal izateko, egunero soilik zazpi orduko lana egiten zuten. Gehienez, luze bat edo bi zabaltzeko aukera zuten. Eta joan den otsailaren 18an behin betiko ekinaldia hasi zuten.

Bederatzigarren luzean hamaka antolatu eta lehen bibaka egin zuten. Bidearen giltza (A3) zain zuten, eta, zalantza batzuk azaldu baziren ere, hauek gainditu eta tontorra zapaldu zuten. Hurrengo lerrootan, berriz, Tomaszewskik berak hedabideoi bidalitako idatzian kontatuko digu espedizio horretan bizi izan zuten eskarmentua.

“FRAM”

«Otsailaren 10ean tresneria osoa antolatu eta murruaren oinarrira eraman genuen. Era horretan hasi zen gure abentura. Eguraldi onarekin beheko sekzioa arriskutsua bihurtu zen. Pazientzia handiarekin tarte hori ondo antolatu genuen. Zerua erabat garbi zegoenez, tenperatura oso azkar jaisten zen. Lehen egunetan, adibidez, -40°koa izan zen. Hortaz, zailtasun teknikoekin baino muturreko hotzarekin gogor borrokatu ginen. Inuitek beraiek baieztatu ziguten hotz hori ez zela batere ohikoa. Horregatik, egun bateko atsedena hartzea erabaki genuen.

»Lehen sekzio hori teknikoki ez zen zaila. Baina oso zorrotza zen, batez ere arrokaren kalitatea txarra zelako. Gainera, arrokaren formazio batzuk bereziak ziren oso. Beltz kolorekoek granito oso puskatua zuten. Egoera hori kudeatzea ez zen batere erosoa izan.

»Eskalada egunak motzak ziren. Egun argia aprobetxatu behar zen; gauez eskalatzea eztabaida guztietatik at zegoen. Lehentasuna, jakina, izozketak saihestea zen. Muga hori ez gainditzea ezinbestekoa zen arrakasta lortu ahal izateko. Horregatik, mantso jardun genuen. Alabaina, aitortu behar dut espedizioak iraun zuen egun guztietan gure hatzak eta behatzak izozteko zorian egon zirela. Sentsibilitatea galtzen zutenean, zuri-zuri geratzen ziren! Bagenekien hanka-sartze batekin espedizioa bertan behera geratuko zela; hortaz, ahal izan genuen zuhurtzia guztiarekin eskalatu genuen.

»Murru erraldoi hori aztertzera joan ginenean, Pawel eta biok bat etorri ginen bide agerikoena aukeratzerakoan. Ez zen eztabaidarik izan. Murru hori oso zabala denez, galdera ikurrak askatzeko jokoa hasi zen. Eta nik hori maite dut. Laranja koloreko zirrikitu bat ikusi eta hura eskalatu behar genuela zin egin genuen.

»Hilaren 18a iritsi zenean, Pawel eta biok behin betiko saialdiari ekin genion. Beheko sekzio arriskutsuan bibaka egin ordez, petateak bederatzigarren luzera eraman genituen. Nahiz eta tenperatura oso hotzak ziren eta haizeteek ondo astintzen ziguten, metroak igotzen jarraitzeko gai izan ginen. Oso mantso; hotza gure arerio oldarkorrena zen!

»Gorputza zein hatzak oso azkar hozten ziren, eta atal horiek berotzea lan handia bihurtu zen. Sokaburuak arropa “arinagoarekin” lan egiten zuen bitartean, aseguratzailea erabat babestuta zegoen ordu latz horietan bizirauteko asmoarekin. Eskalada egun horietan tximiniak eta eroria zuten tarte batzuei aurre egin genien. Oso zabalak zirenez, gainean genuen tresneria jartzeko arazo handiak izan genituen. Horregatik, benetako akrobaziak egin eta eskaladak duen magia beltza indarrean jarri genuen. Beltz koloreko bigarren zerrenda gainditu ondoren, Pawelek A3 mailako luze bati ekin zion. Itsatsita zeuden harlauza meheak ikusi eta beldurtu nintzen; izan ere, haien azpian nengoen. Gillotinara kondenatuta ikusi nuen neure burua! Formazio trinkoetara heltzeko, Pawelek kako batzuk erabili zituen. Isilean bi ordu egin eta gero, haizeteen enbarazuarekin, nire sokakideak luze gogor horrekin amaitu zuen. Muturreko ausardia erakutsi zuen, eta horregatik oso harro nago egin zuen lanaz. Pawelen lan horri esker gailurra (eta arrakasta) erdietsi genuen.

AZKEN EGUNA, EPEL

Azken egunean bizi izan genuen egoera bitxia izan zen. Eta hori diot biharamunetik aurrera klima arras aldatu behar zelako. Iragarri ziguten tenperaturek gora egingo zutela eta haizeak 100 kilometro ordukoak izango zirela. Gauero bezala, lo-zakuetan mantso sartu eta geure gorputzak berotzen saiatzen ginen. Gure herrialdeko Pajak enpresak utzitako lo-zakuek “lan” ederra egin zuten. Ezaugarri bikainak ditu. 21.00etarako lo ginen.

»Biharamunean, goizeko bostetan, saria jaso genuen: haizeterik gabea eta epelagoa izan zen eguna. Azken bi luzeetan sokaburu joan nintzen. Ez ziren zailak; bai, ordea, arriskutsuak. Hormatik atera bezain laster, soka gerritik kendu eta gailurrera eramango gintuzten azken metroak oinez egin genituen. Bideari “Fram” deitu diogu. Amundsenek eta enparauek espedizio polarrak egiteko erabili zuten ontziaren izena da. Keinu bat egin nahi izan diegu!

»Bide berriaren lan guztiekin amaitu ondoren, beste lan gogor bat genuen aurrean: jaitsiera. Hamakara jaitsi eta atseden hartu genuen. Nahiz eta eguraldia arras aldatuko zela iragarri ziguten, biharamunean marra osoa arazorik gabe jaisteko aukera izan genuen. Anton zain genuen kanpalekuan, eta ia denbora galdu gabe Uummannaq herrira eraman gintuen. Ordubete geroago, fiordoa zeharkatzen duen bidea blokeatu edo itxi egin zen. Oso gutxigatik, onik atera ginen handik. Gauean, berriz, haizeteak altxatu ziren. Ez dut imajinatu ere egin nahi haize bortitz horiek paretan harrapatu izan bagintuzte. Zorte handia izan genuen!

»Eskalatu dugun hormatzarrak Oqatssut izena du, eta arrokaren kalitatea oso hauskorra da. Udaran eskalatzea oso arriskutsua izan daiteke. Uste dut hura aztertzeak merezi duela; bide berriak zabaltzeko leku interesgarriak ditu. Guk, bederen, gure ametsa egia bihurtu dugu».