J.O.
TRINKETEA

Pilotaren azken mugetako bat eraitsi du Luis Sanchezek, txapela jantzita

Luis Sanchezek merezitako garaipena eskuratu zuen.
Luis Sanchezek merezitako garaipena eskuratu zuen. (P. BELTZAIZ)

Azken urteetan izandako garapen izugarria berretsi eta pilotaren munduan geratzen zen azken mugetako bat eraitsi du Luis Sanchez esteribartarrak, Berezkoen buruz buruko txapela lehen aldiz Nafarroa Garaira eramanez.

Xalak 2005ean, ezkerparetako Manomanista irabazita, balentria egin zuen, txapel hark traza epikoak izan zituela ezin baita ahaztu. Baina ez da atzean geratu Luis Sanchezek erdietsitakoa. Lekuinekoak txapel bakarra lortu zuen bitartean, zaila ematen du nafarrak besterik ez irabaztea, lortu duen joko mailarekin.

Nolabait esatearren, belaunaldi talka moduko bat izan zen atzoko Hazparneko finala. Izan ere, bere lehen txapela nahi zuen 25 urteko Sanchezek parean izan zuen marka berri bat nahi zuen 31ko Battita Ducassou; beraz, itsasuarraren zazpigarren garaipenak, inoiz inork lortu ez duena, itxaron egin beharko du.

Eta hori, finalaren hastapenean 10-17 ere aurreratu zela itsasuarra. Baina Luis Sanchezek boteekin gehiago asmatuz -denera 11 egin zituen- eta pilotari abiadura izugarria sartuz txapela jantzi zuen.