Xole ARAMENDI
DONOSTIA

90eko hamarkadako kolektibo artistikoak fokupean, San Telmon

90eko hamarkadan, jendartea hainbat ikuspegitatik ikusteko modu berriak bultzatu zituzten sortzaileek. Garai hartan lan egin zuten kolektibo artistikoetara hurbildu nahi izan du Donostiako San Telmo Museoak, Nekane Arambururen eskutik.

Ekaina bitartean irekita dago erakusketa.
Ekaina bitartean irekita dago erakusketa. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako San Telmo Museoan irekitako erakusketaren helburua da «garai hartan lan egin zuten kolektibo artistikoetara hurbiltzea, beren energiak ikuspegi alternatiboekin, periferikoekin eta mugaz gaindiko ikuspegiekin bateratuz, konpromiso sozial, politiko, intelektual, feminista eta ekologistetatik abiatuta. Historiografia berri bat planteatzen du, kolektiboen kontakizun argitaragabeetatik abiatuta; eta, gisa horretan, kultur ekosistema hura zaintzen eta transmititzen laguntzen du», nabarmendu dute ostiral honetan egindako aurkezpenean.

Artelan artistikoak, bideo artea eta bideo dokumentala, elkarrizketen audioak, dokumentu grafikoak, argitalpenak eta egile-argazkiak. Museoko aretoetan 160 artista eta kolektibo baino gehiago daude, besteak beste, Jose Ramon Amondarain, Mariano Arsuaga, Ana Laura Alaez, Ibon Aranberri, Miren Arenzana, Isabel Azkarate, Mauro Entrialgo, Ander Hormazuri, Marivi Ibarrola, Gema Intxausti, Keixeta, La Ribot, Asier Laspiur, Elena Mendizabal, Antoni Muntadas, Itziar Okariz, Saioa Olmo eta Maider Lopez. Zerrendan zenbait fotokazetari daude.

San Telmo Museoarena 90eko hamarkadari gurean eskainitako lehen erakusketa da, eta garai hartan ernamuinean zegoen irakurketa feminista ezartzen du. Ikusgai dauden objektuetako batzuk inoiz erakutsi gabeak dira.

Bizi zen momentua

Komisarioa Nekane Aramburu izan da. Aurkezpenean Aramburuk aitortu zuen zaila izan dela bi urtez egindako ikerketa erakusketa batean islatzea. Sorkuntza artistikoan baino gehiago, une historikoan eta bizi ziren zirkunstantzietan zentratzen da erakusketa.

«90eko hamarkada bere irakinaldi sozial, politiko eta aldarrikatzaileagatik nabarmendu zen, eta museoaren lana da obra artistikoaren ingurune soziala azaltzea», adierazi zuen Susana Soto zuzendariak.

Analogikotik digitalerako aldaketaren lehen urratsak egiten ari ziren urteak dira. Bisitaren hasieran teknologia berrien erabileraren garrantzia aztertzen da, batez ere bideoartearen aukeren ikerketatik abiatuta garatu zirenak. Horren isla izan zen Bideoaldia. Aurrerago, gune artistikoen inportantzia eta Uribitarteko lantegien, Gasteizko hiriguneen eta Bilboko hiriguneen artean sortutako komunitateen garrantzia nabarmentzen dira.

Gipuzkoan garatutako Zelai Azpi, Saregintza eta Oilategia bezalako ekimenek ere lekua dute. Artistek pisuak, lonjak edo tailer industrialak bilatzen zituzten beren sormen prozesuak aurrera eramateko.

Aramburuk oroitzapen berezia du Artelekurentzat, 1987tik 2014ra Aldundiak artistei beren lana eta prestakuntza garatzeko eskainitako gune gisa funtzionatu baitzuen. 1988an Donostiako hiriburuan okupatutako Zapatari edo Las Chamas proiektu bilbotarra ere ez ditu ahaztu.

Ikus-entzunezkoa

Era berean, ikus-entzunezko ekoizpen zentroei buruzko aipamenak aurkituko ditu bisitariak, besteak beste, CINT, Larrotxene eta Bilboko Arte Ederren Fakultatea.

Erakusketa icebergaren punta besterik ez da Aramburren esanetan. Artearen historia ugari daude, hala dio berea kontakizun bakarra dela defendatzen duen diskurtso patriarkalaren aurrean. «Erakusketak demokratizatu egiten ditu hain ezagunak ez diren artistak eta ezagunagoak diren beste batzuk, guztiak ere izendatzaile komun batekin: kolektibotasuna». Hain zuzen ere, azken hori da hamarkadaren ezaugarria, artistak diskurtso indibidual bat eraikitzetik taldean egitera igaro baitziren.