Imanol CARRILLO
ARRAUNA

70 traineru lehiatuko dira Orian, denboraldiaurreko azkenetariko jaitsieran

Udako arraun denboraldirako prestatzen dabiltzan ontziek beste proba garrantzitsu bat izango dute gaur arratsaldean Oria ibaian, Orion.

Iazko Oriaren Traineru Jaitsierako irudi bat.
Iazko Oriaren Traineru Jaitsierako irudi bat. (Jon URBE | FOKU)

Uda izaten da arraun denboraldiko sasoi betea. Urtaro horretan jokatzen dira txapelketarik eta Ligarik garrantzitsuenak: Eusko Label eta Euskotren edota KAE-1, KAE-2 eta ETE Ligak, alde batetik, eta Gipuzkoako, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak, bestetik. Baina udara ahalik eta sasoi onenean iristeko denboraldiaurrean egiten den lana ezinbestekoa da eta, hala, gaur, 17.30etik aurrera, 70 ontzik beste proba garrantzitsu bat dute: Oriaren XXIX. Traineru Jaitsiera.

Bost mailatan banatuta arituko dira ontziak: Llagut (9), gazteak (1), beteranoak (29), emakumezko absolutuak (10) eta gizonezko absolutuak (21). Emakumezkoetan, lehiakide guztiak euskaldunak izango dira eta lehia gogorra espero da etxeko traineruaren, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearen artean -iaz Euskotren Ligan lehiatu zirenak, alegia-. Horiekin batera, Hondarribia, Hernani, Zarautz-Gesalaga, Ondarroa, Zumaia eta Hibaika arituko dira.

Gizonezkoetan ere 21 ontziak Euskal Herrikoak dira eta Eusko Label ligako traineruen arteko lehia estua espero da hor ere. Hondarribiko jaitsieran “Ama Guadalupekoa” nagusitu zen duela pare bat aste eta Sestaokoan, eta oraingoan Oriok etxean irabazi nahiko du (hiru ontzi aterako ditu uretara). Bermeo, Hondarribia, Donostiarra eta Getaria izango ditu aurkari gogorrenak. Zerrenda -Donostiarra eta Hondarribiko bigarren ontziez gain- San Juan (2), Arkote, San Pedro, Hibaika, Lapurdi, Santurtzi, Ondarroa (2), Mutriku, Zumaia-Delteco eta Zarautzek osatzen dute.

DONOSTIARRA ETA ORIO, INDARTSU

Denboraldiaurre honetan Donostiarra eta Orio emakumeen traineruek darabilten lehia aipatzekoa da. Portugaleten, aipaturiko lehenengoa izan zen azkarrena, mirotzei 12 segundoko aldea ateraz. Bi aste beranduago, Sestaoko jaitsieran, Oriok eraman zuen Julian Enrikeren Oroimenezko XIV. bandera, Hondarribia eta Kaikuren aurretik. Donostiarrak ez zuen parte hartu. Eta duela bi asteburu, Hondarribian, Donostiarra baja ugari zituen Orio baino azkarragoa izan zen, 20 segundoko aldea ateraz. Nola iritsiko dira bi traineruak, eta gainontzekoak, Oriako jaitsierara? Erantzuna, gaur arratsaldean.