Jon GARMENDIA
Idazlea

Lilipa

Aranondoak ikusi ditut loratzen, haltzadian primulak eta lilipak erreka ondoan. «Okerrena pasa da», erran diot nire buruari, «neguarenak egin du» pentsatuta. Gorritzen ikusi dugu aurten, eta zuritzen gutxi, hotzaren tokian bero eta beroarenean fresko, baina ez hotz, orobat epel moduko, egun batzuk salbu; hori du neguak, luzetik nire gisakoontzat eta motzetik bestelakoentzat. Bestalde, argi dut hezur zahartze honetan eki izpien maitalea bezalakatu naizela. Nahiz eta ongi jakin hezea eta euria, haize errea eta ipar zuria, edo, tximista bezala ostotsak, beharrezkoak dituela gure naturak. Eta lilipak aipatu ditut martxoko pasieran, urteroko usaiari jarraiki primaderaren xerka; horiak dira ezagutzen ditudan nartzisoak eta hauek zuri kolorea dute… Halakoetan ni baino gehiago dakitenei hots egin eta galdetzea besterik ez zait bururatzen, eta jakin ezazue, gertuan behintzat, geroz eta lorezain, ukendu zale eta intxixu gutiago dudala, hiztun anitz sumatzen dudala farmako eta besteren arloan, kimikaren ustezko onurez mintzo eta berezkoaren ukazioa bultzatuz; baina ezezkoekin baietza sortzea, hortxe ene fedea. Gure aitzindariek hainbeste zekiten hori, urritzen eta urritzen baizik ez dudalako ikusi; orain badira lore gazteak berriro lurrari lotuak, baina galdutako hura berreskuratzen ahaleginduta ere, pasatako ura pasata dago. Nartzisok gehiegi gurtzen zuen bere burua, horrek eraman zuen galbidera, edo Eko ninfak bultzatu zuen bestela. Batera ala bestera emaitza da bera.