M. UBIRIA
HENDAIA

AHTren irteera gibelatu dute kexaz beteriko egunean

AHTren aitzinean eseri ziren ekintzaileak, Hendaiako geltokian, erretreten erreforma salatuz.
AHTren aitzinean eseri ziren ekintzaileak, Hendaiako geltokian, erretreten erreforma salatuz. (Guillaume FAUVEAU)

Hexagono osoan ekintzak areagotu zituzten sindikatuek erretreten erreforma parlamentuaren esku gelditu zen egunean. Ipar Euskal Herrian ere, goizetik, hainbat hiritan ekintzak martxan eman zituzten eragile sozialek.

Angelun, 6.00etatik aurrera, CGT sindikatuak bultzaturik, Baionako portuko zamaketariak, energia alorreko, burdinbideetako, metaleko beharginek eta baita hainbat udal langilek ere France Asia saltegiaren ondoko biribilgunean trafikoa eten zuten, palet, bidoi eta pneumatikoak erabiliz. 200 lagun batu ziren.

8.30ak jota, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuetako 50 bat kide Biriatun bildu ziren, A63ko ordainlekua blokeatzeko asmoz. Baina poliziek hesia osatu zuten eta, minutu batzuk aurrez aurre igaro ostean, ekintzaileek alde egin zuten. Bilera azkarra egin ondoren, 9.15ak aldera, Hendaiako tren geltokian hitzordu berria hartu zuten.

Hendaia eta Paris arteko ibilbidea egiten duen AHT gelditzeko helburua finkatu zuten sindikatuetako kideek.

9.36an irtetekoa zen AHT hartzera zihoazen bidaiariek harriduraz ikusi zuten, nasatik, azkarki, trenaren aurrealderantz abiatu ziren ekintzaileen iritsiera. Ziztu batean, banderolak eskuetan, trenbidera jaitsi eta AHTren aitzinean paratu ziren.

Bilboko Unamuno institutuko ikasle taldea bete-betean harrapatu zuen ekintzak. Hala ere, irribarretsu sartu ziren trenean, Parisen Erasmus egitera zihoazen gazteak.

Badoa trena

SNCFko arduradunen mezua jaso ondoren, Poliziari deitzeko asmoa iragarriz, blokeatzearen iraupenari buruzko erabakiak hartzeko unea heldu zen. 10.00etarako ekintzari amaiera ematea deliberatu zuten trenbidea okupatzen zuten ekintzaileek, «asmoa ez baita gatazka sortzea, erreforma bidegabearen aurkako mezua pasatzea baizik».

Ordua iritsita, «bloka, bloka, blokatu» oihuen artean tren geltokitik ateratzeko ibilbideari ekin zioten ekintzaileek. Minutu pare bat geroago, 10.00ak jota, abiadura handiko trenak finean Pariserako bidea hartu zuen.

Erreformari buruzko data esanguratsua markatzeko beste deialdi bat egina bazuen intersindikalak Baionan. Santa Ursula eta San Leongo biribilgunearen arteko ohiko ibilbidea alboratuz, atzo, Suprefeturan elkartzeko gonbidapena luzatu zuten sindikatuek. Hala, goizeko 11.00etan Baionako Suprefeturaren aitzinean bildu ziren 150 bat pertsona.

Parisen greban diren garbitzaileekiko elkartasun keinu eginez, Estatuak Ipar Euskal Herrian duen egoitzaren sarrera nagusian meta bat osatu zuten zabor poltsekin.