Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Neguko konbinazio berritzailea, Druko iparraldeko hormatzarrean

Baptiste Ribes, Maud Vanpoulle eta Fanny Tomasi-Schmutz frantziarrek “poloniarra”, “txekiarra”, “Leuseur”, iparraldeko korridorea eta Sulliva-Ogier-Elias hirukotearen aldareak lotu dituzte. Hiru eguneko eskalada izan da.

Fanny Tomasi-Schmutz eta Vaud Vanpoulle frantziarrak oso indartsu iritsi ziren Patagoniara eginiko bisitatik. Eta hori diogu, ia atsedenik hartu gabe, bi alpinistok Druko iparraldeko hormatzarrean protagonismo handia izan dutelako. Baptiste Ribes-ekin batera, murru handi hori gainditu ahal izateko, ahalik eta konbinazio gehien egiten jardun dute. Hain zuzen ere, hainbat bidetako sekzioak (“poloniarra”, “txekiarra”, “Lesueur”, iparraldeko korridorea eta “Sullivan-Ogier-Elias”) lotu dituzte. Eta hori neguan sinatu dute.

Baina, esan bezala, lehenik eta behin, sasoia hartzen Patagoniako erpinetan izan dira. Eta ez da lehen aldia izan. El Chaltenera heldu bezain laster, lehen leiho ona aprobetxatu eta Fitz Royra abiatu ziren. Lise Billon sokakide izan zuten. Goretta izeneko zutoinean dagoen “Mate, porro y todo lo demas” marra zain zuten. Bukaezinak diren artesi sistemak gainditu ondoren, bibaka antolatu zuten. Tomasi-Schmutz-ek aurreratu digu, lehen eskalada egun horretan asko gozatu zutela: «Arrakala ederrak ditu. Lan eskerga egin eta gero, bibakera iritsi ginen. Zutoinaren gailurrera iristeko 900 metro eskalatu behar dira, eta bibaka 200 metro beherago dago. Biharamunean, tontorrera abiatu ordez, jaitsi egin ginen. Batetik, artesietan izotz asko itsatsita zegoelako. Eta bestetik, aktibitate honen aurretik astebete ondoezik egon nintzelako».

Bigarren helburua Piergeorgio izeneko erpina izan zen. Alpinistok 800 metro luze den “Greenpeace” marran sartu ziren: «80ko hamarraldian zabaldu zen, eta errepikapen bakarra du. Bagenekien horma hori oso nahasia dela. Sartu diren ia gehienek ez dute arrakastarik lortu; izan ere, haizeteek, izotzak eta euriteek paretatik “kanporatzen” zaituzte. Izoztuta egoten diren tximinietatik joan ordez, aholkatu ziguten igo gabe zeuden artesi sistema batzuetatik joateko. Zalantza asko genituen, baina joko horrek asko erakartzen gaitu! Luze oso zorrotzak igotzen joan ginen. Onartu behar dut bezperan lehor zegoela murrua. Tontorra gertu genuen; soilik bi luze falta ziren. Baina bat-batean 60 metroko dutxa batekin topo egin genuen. Baikor eta oso motibatuta geunden, baina egoera horren ondorioz jaistea erabaki genuen».

Bidaiaren azken geltokia Poincenot orratzaren “Carrington Rouse” bidea izan zen: «Maud eta Tad gailur horretan izan dira. Niretzat, berriz, amets handia zen. Nire ustez, mendilerro horretako erpin ederrenetarikoa da. Nahiz eta baldintza oso onak ez izan, eskalada bikaina egin genuen. Biharamunerako iragartzen zen ekaitzak jaitsieran harrapatu gintuen. Bibaka zegoen lekura iritsi ginen: gaua oso gogorra izan zen! Biharamunean, haizeteak ez ziren baretu; hala ere, lasaitasun eta segurtasun guztiarekin rappelatu genuen».

Horiek dira bi emakumezko frantziarrek Patagonian izan duten azken bidaiaren lerroburu nagusiak. Etxean zirela, berriz, Alpeetan ezarritako antizikloi sendoak utzitako baldintza bikainak aprobetxatu nahi izan zituzten. Eta onartu behar zaie Druko iparraldeko murru laiotzean nabarmentzekoa den jarduera egin dutela.

Tomasi-Schmutzek aurreratu du etxeko mendietan, neguan, aktibitate eder bat egin nahi zutela: «Patagoniatik oso indartsu itzultzeaz gain, motibatuta geunden hormatzar hotz eta zorrotzetan eskalada bikain bat sinatzeko. Mauden eta bion helburua Grandes Jorasses-etako iparraldeko horma zen. Baina elurte batek pareta hori oso egoera itsusian utzi zuen. Baptistek gure sokara lotzea erabaki zuen. Leschaux-eko aterpera abiatu ginen, eta aldez aurretik genituen zalantzak baieztatu ziren: murrua, batez ere goi aldea, oso elurtuta zegoen. Bitartean, Montenvers-etik ikusi genuen Dru oso lehor zegoela. Erabakia hartuta zegoen. Aymeric-en, FFME taldeko gazteen eta batez ere Martin Eliasen, Christophe Ogier-en eta Jerome Sullivanen informazioarekin xede berezi batera abiatu ginen. Hots, Druko “txekiarra”, “poloniarra”, “Leuseur”, iparraldeko korridorea eta Ogier-Sullivan-Elias bideak lotzera. Pareta izoztu batean hiru eguneko eskalada (bi bibak) izan da. Gauak, berriz, oso atseginak zein dibertigarriak. Horrez gain, luze gogorrak gainditu behar izan ditugu, eta zalantza batzuk uxatzeko lagunen deiak erabakigarriak izan dira. Finean, abentura handia igaro dugu. Nire kasuan izaera horretako neguko jarduera bat ez dut inoiz egin. Ez da egunero egitekoa, baina nik hori bilatzen dut».

“Trikimailua”

Protagonista hauek xede horretan sartu aurretik, buruari eragin egin behar izan zioten. Aipatutako baldintza horiek medio, Druko horma horretan sokada asko ibili dira. Ilarek sortzen dituzten buruhausteak saihesteko, konbinazio hori “asmatu” zuten. Komatxoak jarri dizkiogu; izan ere, 2012. urtean Jeff Mercier eta Korra Pescek xede horri oinarria jarri zioten “txekiarra” bidea errepikatzera joan zirenean.

Sokada horren helburu berritzaileak izan ditu jarraitzaile batzuk. Vanpoulle, Ribes eta Tomasi-Schmutz ez dira atzean geratu, eta leiho on baten laguntzarekin lehen urratsak egin zituzten: «Grandes Jorasses-etako eskalada alde batera utzi eta B planari ekin genion. Aymeric eta Sulliva-Ogier-Elias hirukoteak asmo bera izan zuten. Konbinazio hori lortzea ez da erraza, baina gu saiatzera irten ginen. Nahiz eta sekzio ia berdinetatik igaro ginen, azkenean den-denok beste ukitu bat eman diogu konbinazioari. Lagunek emandako informazioarekin jardun dugu, baina une jakin batzuetan ez genekien nondik jarraitu. Informazio nahiko zehatza zen, baina talde bakoitza tarte ezberdinetatik joan ziren. Guk gure ibilbidea jarraitu dugu, eta uste dugu lotura hori oso ona izan dela. Lagun horiekin balantzea egin dugu, eta denok bat etorri gara honako hau esaterakoan: oso dibertigarria izan da!».

Tomasi-Schmutzek gai horri ez dio garrantzi berezirik eman. Bai, ordea, pareta handi eta hotz horretan hiru egunez bizi zuten eskarmentuari. Gainera, bakar-bakarrik jardun zuten: «Igoerari dagokionez, esan behar dut era askean ez dugula asko eskalatu. Hotz handia egin zuenez, badaezpada ere katu-oinak ez genituen motxiletatik atera. Artifizialean igotzeak gure erritmoa asko mantsotu zuen. Hala ere, zailtasunei ez gehiegi, baizik eta eskarmentuari lehentasuna eman diogu. Baptisteren kasua horren isla da. Oso gaztea da, baina uste dugu etorkizun handia duela. Izaera honetako aktibitateetan ez du eskarmenturik, baina onartu behar dugu maila tekniko handia duela. Horma batean ez zuen inoiz bibak bat egin, eta eskalada horretan bi egin ditugu. Eta, gainera, neguan».

Amaitzeko, aipatu behar dugu hirukote horrek konbinazio horretarako aukeratutako bideak zailak direla oso: “poloniarra” (ED, Kukuczka, Kurtyka, Lakaszewski, 1973), “txekiarra” (ED, Slavik, Simon, 1979), “Leuseur” (ED, M7, Pierre eta Henri Leuseur, 1952) eta iparraldeko korridore zuzena (ED+, Accomazo, Sorenson, 1997): Marra horiei Sullivan, Ogier eta Eliasen aldaerak gehitu behar dira.