GARA
PILOTA

Finalera ondo iristeko aukera du Eskirozek

Eskiroz, aurten, Lehen Mailako Binakakoan.
Eskiroz, aurten, Lehen Mailako Binakakoan. (A. LOIOLA | FOKU)

Labrit pilotalekuak Binakako Txapelketako finalerdietako partida jasoko du larunbatean. Bertan ez da ezer jokoan izango, igandeko neurketak baitu garrantzi handiena. Hala ere, Iruñeko sarrerak erabat agortu dira, pisuzko beste arrazoi bat baitago ikusmina pizteko: Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak ez dute finalera sailkatzeko aukerarik, baina lehiaketan zehar titular gisa aritu ez diren bi pilotari aurrean edukiko dituzte, Artola eta Eskiroz.

Artolak beste ordezkapen bat egingo du, gainera, ostiralean Larraintzarren sailkatzeko interesik ez duen Promozioko finalerdietarako antolatu den jaialdian. Ikusi beharko da haren eskuek eta hankek nola erantzuten duten.

Bestalde, Eskirozek proba polita izango du. Atzoko material aukeraketan aitortu zuenez, «hurrengo asteko finalerako ondo etorriko zait eta ea gauzak ondo joaten diren». Atzelariak Promozioko finala jokatu behar du apirilaren 1ean Larrazabalekin batera, Bakaikoa-Morgaetxebarria edo Zabala-Gaskueren aurka. Atzelariak badaki zer den aurtengo Lehen Mailako txapelketan jokatzea. Kasualitateak kasualitate, Peñarekin hiru partida jokatu zituen -bi neurketa irabazi zituen eta bestea galdu- eta beste hiru Lasorekin batera -bi galdu eta bestea irabazi-.