Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Itxaropenaren kolore berdeak tindatu du Kutxabank Araskiren agur ekitaldia

Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko kideek agur instituzionala egin zioten atzo eguerdian talde arabarrari. Emakumeen Kopan etxeko taldea, Zaragoza, izango dute aurkari Madelen Urietarenek osteguneko final-laurdenean, 20.30ean.

Instituzioetako ordezkariak lehen lerroan eta Kutxabank Araskiko jokalariak atzean. Hauek ei ziren protagonista.
Instituzioetako ordezkariak lehen lerroan eta Kutxabank Araskiko jokalariak atzean. Hauek ei ziren protagonista. (Endika PORTILLO | FOKU)

Berdea omen da itxaropenaren kolorea, baita Kutxabank Araskirena ere. Hala, berdez jantzita, baina ez mozorrotuta, azaldu ziren atzo eguerdian, ostegunetik aurrera Zaragozan jokatuko den Emakumeen Saskibaloi Kopari begirako instituzioen agurrean.

Foru Aldundiaren balkoiak ere berdez jantzi ziren Madelen Urieta eta bere jokalariei agur esateko, zorte onena opatzeko, nahiz eta jakin aurrean dutena ez dela lantegi samurra. Aurreneko itzuliaren amaiera abenduko azken egunetan izan zen eta hiru hilabete hauek oso luze jo badute ere, hierarkiak bere horretan dirau Kopari begira.

Hau da, ostegunean, 20.30ean Zaragozan, etxeko taldearen aurka jokatu beharko du talde gasteiztarrak, eta denboraldi honetan Araski eta Aragoiko taldearen arteko lehiak oso estuak izan badira ere -Mendizorrotzan arabarrak nagusitu ziren partida goitik behera irauli eta gero; Zaragozan etxekoek irabazi zuten, baina luzapeneko azken segundoan-, esan gabe doa Madelen Urietaren taldeari ezin zaiola garaipenik eskatu, eskatzea libre den arren.

EREDUA

Instituzioen agurrean behintzat ez zen baikortasunik falta izan. Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, erdi brometan, erdi serioski, «ea astelehenean berriz ere elkartzen garen» esan zuten agurtzean; Madelen Urietak eta enparauek irribarretsu entzun zituzten adierazpenak, nola ez. Instituzioen agur horretan, aipatu bi kargudunez gain, Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua, Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotzia eta Ana Rosa Lopez de Uralde Arabako Foru Aldundiko kirol zuzendaria ere izan ziren.

«Dagoeneko zazpi urte daramatzazue emakumeen saskibaloiaren gorenean eta Koparako sailkapena laugarrenez eskuratu duzue. Proiektu honek gizarte honek duen onena ordezkatzen du», adierazi zuten alkateak zein ahaldun nagusiak. «Helburu bat lortzen duzuen bakoitzean ilusio berezia pizten duzue gugan. Hargatik, zuekin izango gara, bai Zaragozan eta baita hemendik ere, zuen lanak sortzen digun ilusio horri erantzunez. Ilusioa eta handinahia, Araskiren kamisetarekin gorenera irits zaiteztela nahi dugulako, bai baitakigu barruan duzuen guztia ipiniko duzuela ahalik eta urrunen iristeko. Zuen kamisetan aditzera ematen den ‘Araski DNA’ hori aterako duzuelako», gaineratu zuen Ramiro Gonzalezek.

«Gauza oso on asko ari zarete egiten, ez bakarrik kantxetan. Zenbat neskatxa ez ote diren ari orain saskibaloian jokatzen; zuen lanagatik ez balitz, agian kirolik egingo ez luketen zenbat eta zenbat neska! Hori bada nahikoa lorpen gure gizartearentzat, baina horrez gain, eliteko kirolean egiten ari zaretena ere eredugarria da gaztetxoenentzat. Gasteiz guztia zuekin dago, hiri guztiaren babesa zuekin duzue eta ziur nago araskizale guztiak igandeko finaleraino iritsiko ote zareten esperoan izango garela. Ea astelehenean berriz hemen elkar ikusten dugun!», gaineratu zuen Urtaranek.

AMETSAK BETETZEN

Kutxabank Araskiko kideen adierazpenak zuhurragoak izan ziren. «Kopara iristea bera amets bat da guretzat, baina aurrera egitea guretzat beste amets bat betetzea litzateke», adierazi du Madelen Urietak. «Ezin dugu osteguneko partida irabaziko dugula hitzeman, baina saiatuko gara ilusioz gainezka daramagun motxila hau erabat hustu artekoa ematen, eta ondorioa izan dadila motxila hori esperientzia ahantzezinez bete dezagula Zaragozan», eskatu zuen Araskiko entrenatzaileak.

Jokalariei gaur dagokie luzeago hitz egitea. Esaterako, ikusi egin behar Tanaya Atkinsonen oina zer-nola dagoen Kopara begira. Larunbatean ez zuen jokatu, baina badirudi ostegunean jokatzeko moduan izango dela, ehuneko ehunean ez bada ere. Nolanahi ere, Natalie Van den Adel eta Maria Asurmendik esker oneko hitzekin amaitu zuten agur ekitaldia.

Van den Adel Gasteizko herbeheretarrak hau esan zuen: «Garaipena lortuko dugula ezin dugu hitzeman, baina bai borrokatuko garela. Ea egia den eta astelehenean berriz elkartzen garen!».

«Txundituta gaude ekitaldi hau guretzat prestatu duzuelako, balkoietan eskegita ikusi ditugun bandera berde horiengatik eta jendearengandik sentitzen ari garen maitasun guztiagatik», onartu zuen, amaitzeko, Maria Asurmendi kapitainak. Antolatzaile iruindarraren hitzetan, «Kopara itzuli ahal izatea amets bat betetzea da. Erronka oso handia da, baina badakigu zaleen laguntza handia jasoko dugula. Noski gustatuko litzaigukeela astelehenean berriz hona itzultzea, baina Gasteizko hiriaren ordezkari izatea bera ohore handia da guretzat».