Ion SALGADO
GASTEIZ

Aberri Eguna ospatzeko deialdiak jarraitzeko gida; bateratuak eta bakarkakoak

Igande honetan ospatuko da Aberri Eguna.
Igande honetan ospatuko da Aberri Eguna. (Bob EDME)

Apirilaren 9an ospatuko da Aberri Eguna. Euskal Herriaren naziotasuna eta hiritarren eskubideak aldarrikatzeko unea izango da, eta horretarako hainbat ekitaldi izango dira. Izaera komuna dutenetatik hasita, hauek dira aurtengo deialdiak:

Euskal Herria Batera, Donostian

Euskal Herria Batera ekimenaren ekitaldia larunbatean izango da, Aberri Egunaren bezperan. Donostiako Miramar jauregian deitu dute, goizeko 11.00etan, “Bagara, badugu” lelopean. Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak martxoaren 22an Bilbon izandako agerraldian azaldu zutenez, Maitea Frontoiko Aberri Egunaren 90. urteurrena oroitzeko hautatu dute aurten Gipuzkoako hiriburua.

Bagira, Itsasun

Itsasuko ekitaldiari dagokionez, Aberri Egun «herrikoia eta aldarrikatzailea» egiteko xede, egitarau oparoa antolatu du Bagira dinamikak. Hala, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Itsasuko Xartaren 60. urtemuga ospatuko du larunbatean zein igandean, “Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest” lemapean. ELA eta LAB sindikatuen ordezkariak izango dira.

EH Bildu, Iruñean

La Furia, Arkada Social eta The Trikiteensen kontzertuekin eta Irlandako Sinn Fein alderdiko bozeramailearekin ospatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna Iruñean, apirilaren 9an. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuan azaldu zuenez, asmoa «jai giroa eta giro aldarrikatzailea elkartzea» da. Eguna manifestazioarekin hasiko da, Golem zinemetatik 12.00etan abiatuko dena.

«Herria eta independentziarako bidea indartzeko» deia egin zuen Sortuk. Eta hiru hitzordurekin bat egin du: EH Baterarenarekin, Itsasukoarekin eta EH Bilduk Iruñean antolatu duen honekin.

EAJ, Bilbon

EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, ‘Gure Izaera. Gure Aberria’ lemapean. Jeltzaleak, ohikoa den bezala, Plaza Berrian bilduko dira. Han egingo dute ekitaldi politikoa 11.30ean. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria izango dira.

Apirilaren 8an, Ortuzar Bizkargi mendira igoko da jelkideekin batera, 1936ko gerran hildako gudarien omenenez egindako ekitaldi batean parte hartzeko. Ikurrina igo eta Aberri Egunean parte hartzeko deia egingo dute.

Ernai, Elorrion eta Iruñean

Milaka gazte Elorrion izango dira Aberri Egunaren asteburu honetan, Ernaik antolatutako Gazte Topagunean, ostegunetik aurrera. Ernaik hamar urte bete berri dituenean, hitzordua «hamarkada oso baten elkargune» izango dela nabarmendu dute. Igande goizean Iruñeko Aberri egunera joango dira.

Jardun, Gernika-Lumon

Jardun koordinadorak Gernikan ospatuko du Aberri Eguna. «Ukazioaren aurrean, Euskal Herriak askatasuna!», aldarrikatuko dute. «Aldarrikapenaren bitartez kontzientziazioari ekiteko eguna» dela diote.