Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren potretak

Narda-narda egina naukate gauza askok. Adibidez, disko edo liburuen aurkezpenari dagozkion musika sortzaileen edo idazleen potretak hedabideetan, zein estilo-liburutan idatzita dago prentsaurrekoetako argazkietan agertu behar duela egileak eskuartean diskoa edo liburua duela, nor izango da itsuskeria horren guztiaren hobenduna, eta beti berdin, argazkilariek esango diote egileari erakusteko sortutako artefaktua modurik zintzoenean jendearen aurrean, eta gaurgoitik kenduko nuke komunikabideetako editorial irizpideetatik, ez baitio inolako mesederik egiten sortzaileari, eta gainera beti otzan ageri zaigu sortzailea argazkilariaren esanetara edo editoreak emandako mandatuetara, baina agian ez dago inon idatzita sortzaileak atera behar duela eskuetan duela diskoa edo liburua, eta hamaika prentsaurrekotan egon banaiz ere, nehoiz ez diot argazkilariari esan egileak ezin duela diskoarekin atera potretan, eta zergatik ez diot ezer esan ez dadin berriro gerta gohainduta naukan prozedura estetiko hutsala?

Bai, terrenta estetiko horrek akiturik nauka, begiak ezkelaraztera narama ekintza makurrak, ezta hurrik eman ere, hurrengo prentsaurrekoan kazetariarekin eletuko naiz, artistari ez diot emango diskorik, ez dagoela negoziaziorik, eta egilea ere bat datorrela erabakiarekin, artista diskoaren babesik gabe aterako dela argazkian, ez gaudela herrestan ibiltzeko tenorean. Putar bi irizpide editorialari, antzarak ez daudela ferratzeko bozkarioz.