Maite UBIRIA
ITSASU

Oroimenen itsasoan Aberri Egun berria irudikatu dute bare-bare

Itsasuko Sanoki gelan Aberri Egunaren bilakaera aztertu zuten, ondotik abertzaleen iritzia jakiteko inkesta aipatzeko.
Itsasuko Sanoki gelan Aberri Egunaren bilakaera aztertu zuten, ondotik abertzaleen iritzia jakiteko inkesta aipatzeko. (François BERLAND)

Bagira plataformak antolaturiko Aberri Egunaren bezperan proposamen franko atzeman zuten, atzo, Itsasura joan ziren herritarrek. Goizean, azkeneko sei hamarkadetan abertzaleek emandako borrokak irudikatzen dituzten afixa eta argazkiekin osaturiko erakusketa zabaldu zuten Sanoki gelan. Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga betetzen den honetan, memoriak itzal handia hartuko du, ezinbestean, aurtengo Aberri Egunean.

Ikastolen sorrera, errefuxiatuen aldeko itxialdiak, gerra zikinaren garaian hil edo desagerrarazi zituzten militanteen potretak, lurra defendatzeko desobedientzia ekintzak, gatazka armatuaren garaiaren amaiera berretsi zuen Arnagako Konferentzia... «Mugimendu abertzaleak ekarpen handia egin du, baina azkeneko hamarkadan zeinen aitzinamendu azkarra gertatu den!», adierazi zuen Gaby Aresteguik erakusketari aipamena eginez.

“Aberri eguna, atzo, gaur eta bihar” lelopean antolaturiko mahai inguruan parte hartu zuen EH Baiko kideak. Bera bezala, Nerea Peponnet ere, «badira urte gutxi» batu zen abertzaleen «eskifaiara».

Biek ala biek «Aberri Egun asko» ez dituztela aitortu zuten. Euskal Herria Baterak, konfinamendu garaian, etxez etxe eta balkoitik balkoira, antolatu zuen «ekimen zirraragarria» goraipatu zuten.

88 urteko Jean-Louis Davantek «ondo zirazte, segi aitzina», aholku eman zien bati eta besteari, «baita ber kodeak ez badituzte ere, molde berriak asmatuko dituztelako». Gazteen segidari buruz «neholako arrangurarik ez duela» aitortu zion hirugarren militante gazteari, Aitor Servieri.

«Zapalkuntza nazionalari aurre egin behar zelako» sortu zela Aberri Eguna esan zuen Jakes Bortairuk, hizlarien beteranoen lerrotik. Hala, garaian garaiko moldaketak helduko badira ere, gerora begira «afirmazioa eta aldarrikapena» uztartuko dituen bestaren aldarria egin zuen.

«Gu misiolariak izan ginen», adierazi zuen Itsasun ospatu zen 1963ko Aberri Egun historikoaren lekuko izan zen Davantek. Idazle eta euskaltzain zuberotarrak Ximun Haran eta Jakes Abeberry gogoan izan zituen Enbata mugimenduaren bilakaera aletzerakoan. «Abeberry Eguna esaten genion urtetan, Jakesek eginiko lan eskergari buruz ekimenak oihartzun handia ukan baitzuen». Abertzale aitzindari horiek hamarkada luze batez, eta testuinguru zinez zailean, sustatu zuten ospakizunaren xehetasunak eskaini zituen Davantek.

Ondoan zuen Mertxe Colinak Lizarra-Garaziko Adierazpena hizpide izan zuen, abertzaleen arteko batasunak gerorako sorturiko «giro baikorra» goraipatu zuela. Oroimenen itsasoan galtzeko arriskuari aurre eginez, «ortzimuga berri baterantz» bare-bare arraun egiteko anbizioa irudikatu zuten hizlariek.