Jon ORMAZABAL
PILOTA

Etxean otso izanda, errespetua zabaldu du Dariok arerioen artean

Arangurenek 6-5ekora arte eutsi bazion ere, errioxarrak, sakea ardatz, tanto bakarra egiten utzi zion handik aurrera, eta hori aurkariak sakean egindako falta baten ondorioz lortu zuen Baikoko atzelariak.

Dariok partida biribila jokatu zuen.
Dariok partida biribila jokatu zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Etxean aritzea ez da beti erraza izaten, are gutxiago urteko hitzordu nagusiko lehen partida bada; baina hasierako zalantzak uxatzea eta haginak zorroztea lortu zuenean, Dariok hankapean erabili zuen Aitor Aranguren debutaria eta, itxura bikaina emanda, lehenik ez bazuen, aurkarien errespetua irabazi du Ezkaraikoak, erabateko manomanista dela berretsiz.

Garaipenarekin, errioxarra final laurdenetako ligaxkan arituko da beste urte batez, Ezkurdia, Jaka eta arratsaldean Tolosan jokatzekoak diren Peio Etxeberria / Alberdi I.a partidaren irabazlearekin batera. Zenotzekoak irabaztea lortuko balu, lehen jardunaldi hau biribila izango litzateke Asperentzat, lehen hiru kanporaketetan Eibarko enpresako hiru pilotarik egin baitute aurrera, Baikoko beste hiru kaleratuta.

Ezkaraiko partidak bi zati oso desberdin izan zituen: nahiko borrokatua 6-5era arte, eta erabat desorekatua hortik aurrerakoa, errioxarrak saketik eragindako triskantza ardatz hartuta. Falta bat egin bazuen ere, lehen pilotakada izan zen Darioren lehen argumentua, ez bakarra, azkenerako 9 tanto ere sartu baitzizkion erabat ezinean aritu den Arangureni. Lehen pilotakada horri norabidea etengabe aldatuz -zabalean ere tanto pare bat lortu zituen-, baina beti sekulako abiadura emanez, Aspeko aurrelariak goitik behera menderatu zuen aurkaria, behin hasierako estuasunak eta zalantzak uxatuta.

ERANTZUNIK GABE

Izan ere, hasierako tantoak ikusita, askoz partida borrokatuagoa espero zitekeen, Buruz Buru ondo moldatu bai, baina oraintxe errioxarrari aurre egiteko moduan ez den Aranguren baten aurka. Lotuta eta zenbait erremateetan prezipitatuta, hasiera horretan gauzak estu izan ziren errioxarraren eta sotamanoz ondo defendatu zen aginagarraren ostean, tarteka tanto luze eta piloteatuak jokatuta.

17 pilotakada gurutzatutako batean, ezkerrez huts eginda galdu zuen Baikokoak partida seina berdintzeko aukera, eta handik aurrera erantzunik topatu ezinik aritu zen. Pentsa, beste tanto bat baino ez zuen batu, eta hura Dariok sakean pasa eginda oparitutakoa izan zen (8-6). Sakearekin ez ezik, dejadarekin ere asko asmatu zuen Aspeko aurrelariak. Sasoian dela berretsi eta oso urrun heltzeko moduan dela erakutsi zuen.