Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Hawaiitik Australiara, 2023ko WSL itzulia ematen ari denaren laburpena

Australiako Bells Beach olatu mitikoan dira CT eta WCT itzuliko lehiakideak. Datozen orduetan ezagutuko ditugu laugarren probako irabazleak. Aitzitik, komeni da orain arte zer gertatu den oroitzea. Hona hemen lehen hiru txapelketetako laburpen bat.

Ezkerrean, Pipelineko irabazleak, Jack Robinson eta Carissa Moore. Eskuinean, Sunseteko irabazleak, Molly Picklum eta Filipe Toledo. WORLDSURFLEAGUE.COM
Ezkerrean, Pipelineko irabazleak, Jack Robinson eta Carissa Moore. Eskuinean, Sunseteko irabazleak, Molly Picklum eta Filipe Toledo. WORLDSURFLEAGUE.COM

Australiako Bells Beach eskuin olatu famatuan dira egunotan CT eta WCT itzulietako lehiakideak. Aurtengo WSL denboraldiko laugarren txapelketako irabazleen izenak datozen ordu edo egunetan jakingo ditugu. Zalantzarik gabe aldaketak izango dira nesken zein mutilen ranking orokorretan. Nolanahi ere, datorren astean emango dugu oraindik amaitu ez den Bells Beacheko txapelketa mitikoaren berri eta, ostera, 2023ko denboraldiak orain arte eman duenari begiratuko diogu gaur.

Aurtengo WSL denboraldia Hawaiin hasi zen urtarrilean, historikoki itzulia abenduan amaitzen zen urautsi berean, alegia Pipelinen. Beti bezala, ikusmin handia sortu zuen surfaren historian garrantzi gehien izan duen urautsiak. Egun oraindik lehen mailako itzuliko txapelketa arriskutsuena izaten jarraitzen du Pipelinekoak, baina gerta daiteke itsasoak ez laguntzea, eta aurtengoan, zenbait egunetan olatu ederrak izan baziren ere, esan daiteke Pipelinek orokorrean ez zuela bere ohiko indarra erakutsi.

Gauza bera gertatu zen otsailean, Sunseten egin zen CT itzuliko bigarren geldialdian; olatu politak izan ziren, baina ez ikusleek nahi zituzten bezalakoak, alegia, handiak eta zailak. Pipelinen bezala, olatuek haien potentziala erakutsi zuten uneak egon ziren, baina orokorrean baldintza eskasak izan ziren.

Lehen bi txapelketetan ikusleek nahi bezalako baldintzak izan ez baziren ere, aurten lehen aldiz CT mailan ari diren lehiakide berriak apur bat ezagutzeko balio izan zuten bi probek. Nesken zein mutilen artean aurpegi berri asko daude, eta baita lehen aldiz CT mailara igotzea lortu duten herrialde desberdinetako surflariak ere, Indonesia edo Maroko ordezkariak kasu.

Jarraian Portugalen txanda iritsi zen. Orain arte urrian edo azaroan egiten zen munduko txapelketa Portugalen, baina aurten martxora aldatu zuten, eta antolatzaileak beldur ziren ganorazko txapelketa bat egiteko gutxieneko baldintzak izango ote ziren, izan ere Portugalen, Europako gainerako beste lekuetan bezalaxe, baldintza hoberenak udazkenean izaten dira, ura oso hotza ez dagoenean eta itsaski garbiak ugariak direnean.Aitzitik, Portugalgo txapelketak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Jada txapelketa hasi baino hiru egun lehenago itzelezko itsaskia sartu zen eta sekulako ikusmina sortu zuten bertan entrenatzen ari ziren lehiakideen irudi ikusgarriek. Txapelketa hasi zenean apaldu egin ziren baldintzak, baina hala ere irudi ederrak ikusi ahal izan ziren. Agerian geratu zen Supertuboseko olatuek nolako indarra duten eta, modu berean, munduko hoberenek azalarazi behar izan zuten zergatik diren munduko onenak.

Olatu laburrak, oso indartsuak, biribilak, mendean hartzeko oso zailak eta irakurtzeko oraindik zailagoak. Olatu aukeraketa baldintza zailetan egiten da Supertubosen, zeren, olatuaren erraietan egon arte, surflariak ez baitaki zerekin topo egingo duen. Sarritan, itzelezko olatua izango dela dirudiena desegin egiten da, eta, alderantziz, alderik alde itxiko dela dirudien horma berdeak tubo luze eta biribila eskaini dezake.

Horregatik, zorteak balantzaren alde batera edo bestera egin dezakeen lehiaketa horietako bat da Portugalgoa. Olatuak handiak direnean, ausartenak eta teknika gehien dutenak nagusitzen dira, baina bi metro arteko olatuetan edozer gauza gerta daiteke.

MOORE ETA ROBINSON

Orain Australian da munduko CT itzulia. Duela bi urte arte sasoi honetan hasten zen lehen mailako itzulia Australiako lehen hiru txapelketekin, Bells Beach, Margaret River eta Snapers Rocks urautsi mitikoetako txapelketekin, alegia. Orain, ordea, Hawaiin hasi, Portugaldik igaro eta Australiarako bidea hartzen dute CT itzuliko 36 mutilek eta WCT itzuliko 18 neskek.

Australian ere aldaketak izan dira, orain ez baitira lehen mailako hiru txapelketa egiten, bi baizik, Bells Beachekoa eta Margaret Riverekoa. Snapers Rockseko txapelketa bigarren mailakoa (Challenger Series) bilakatu da.

Carissa Moore hawaiiarra eta Jack Robinson australiarra nagusitu ziren Pipelinen. Sunseten, ostera, Molly Picklum australiarrak eta Filipe Toledo brasildarrak irabazi zuten txapela. Eta Portugalen 17 urte besterik ez dituen Caitlin Simmers, ondoko irudian olatu indartsu bat igarotzen ikus daitekeen surflari estatubatuarra, eta Joao Chianca brasildarra izan ziren irabazleak.

Kontuak honela, CT rankingean Jack Robinson australiarra da buru, baina bigarren, hirugarren eta laugarren tokian hiru brasildar aurkitzen dira: Joao Chianca, Filipe Toledo eta Caio Ibeli.

WCT rankingean Molly Picklum australiarra dago lehendabiziko postuan. Haren atzetik Carissa Moore hawaiiarra aurkitzen da, hirugarren tokian Caitlin Simmers estatubatuarra dago eta laugarrena Tyler Wright australiarrak betetzen du.