Surflari ernegatua

Presidente bat finalean

Aurtengo WSL zirkuituak orain artean eman duenari eta azken urteetako ibilbideari begiratu bat botaz gero, ohartuko gara Portugalek gero eta itzal handiagoa duela mundu mailan surfarekin harremana duen edozein alorretan. Olatu handiak direla, mundu mailako txapelketak direla edo surfari loturiko turismoa dela, Portugal surfaren munduko erreferentzia bilakatu da urte oso gutxitan. Alde handiz Europako surfaren hiriburu ere bilakatu da, eta Portugalen ondoan Frantzia ahulezia handia erakusten ari da.

Portugal itsasoari esker garatu den herrialde bat izan da eta da. Bertatik atera ziren duela bostehun urte munduko marinel eta itsasontzi hoberenetakoak eta, ordura arte bezala, ordutik ere itsasoa baliatu dute herri gisa handitzeko eta garatzeko. Beraz, egun egiten ari direna egokitzapen soil bat besterik ez da, hau da, surfa bitarteko bat da arlo desberdinetan herrialdeari onurak ekartzeko. Horretarako, egitasmo estrategiko baten barnean surfa giltzarria da.

Surfari esker, edo hobeto esanda, hango olatu eta kostalde zoragarriak ezagutarazteko estrategia bateratu bati esker, turismoa sustatzea lortu dute. Munduko edozein surflarirentzat ia ezinbestean bisitatu beharreko kostaldea da egun Portugalgoa, eta ahaztuak ziruditen Azoreetako uharteak edo Madeira uhartea erreferentzia turistiko garrantzitsu bilakatu dira. Munduko txapelketei dagokienez, surf industriako enpresa garrantzitsuenen arreta bereganatu dute eta, gainera, WSLko antolatzaileak ohartu dira urteko edozein sasoitan ganorazko txapelketak egitea bermatzen duen kostaldea dela Portugalgoa.

Herrialde batek, ordea, ez du halako sona lortzen txiripaz; gibelean estrategia oso bat dago, eremu anitz biltzen dituena, baina batez ere estrategia hori burura eramateko erabaki politiko bat dago. Aspalditik ari naiz hau guztia errepikatzen, baina martxoan Penichen egin zen WSLko hirugarren txapelketan agerian geratu zen. Irudi bakar batek hain oker ez nenbilela erakutsi baitzuen: surfaren historian lehenengo aldiz herrialde bateko presidente bat txapelketako finaletan izan zen.

Marcelo Rebelo de Sousa presidenteak trajea eta gorbata busti behar izan zituen. Finala irabazi ostean oholtzara bidean zihoan Joao Chianca irabazle brasildarrari besarkada bat eman eta bere aholkulariak agindu zion argazkia egiteko. Europako gainerako herrialdeek muzin egiten diote Portugali, eta oraintxe bertan denen gainetik dago, gutxienez surfari dagokionez. Portugalgo presidentearen izena ezagutzen al zenuten?