Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Peio Etxeberria, iazko arantza kendu, eta final-laurdenetan izango da

Zenotzekoa aise nagusitu zen Jon Alberdiren aurkako kanporaketan eta, hala, estreinakoz jokatuko du Buruz Buruko txapelketako ligaxka. Ostiralean, Azkoitian, Darioren aurka arituko da, iaz final-zortzirenetan jipoi galanta jaso zuenaren aurka.

Peio Etxeberria nagusi izan zen Tolosako Beotibarren jokaturiko deman.
Peio Etxeberria nagusi izan zen Tolosako Beotibarren jokaturiko deman. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Oso gustura eta lanak ondo eginda». Halaxe bukatu zuen Peio Etxeberriak Jon Alberdiren aurkako partida, Buruz Buruzko final-zortzirenetako kanporaketakoa, hain zuzen ere. Tolosako Beotibarrera hurbildu zirenak hotz geratu ziren hasi eta berehala, ohartu orduko Zenotzeko aurrelariak 7-0eko markagailua lortu baitzuen.

Mota guztietako tantoak egin zituen ordurako nafarrak, azpeitiarra erabat jokoz kanpo utzita. Oso deseroso sentitu zen Alberdi; 3-0eko tantoan eraman zuen haserrea horren adierazle garbia. Ez zekien, baina, jipoiaren bideak aurrera jarraituko zuela. Zauria ezin itxita ibili zen Alberdi, eta Peio Etxeberriari, aldiz, bere eskuekin konfiantza handiarekin ikusi zitzaion. Sotamanoa, dejada, gurutzatua, zabalera... Sakez ere, guztira, sei tanto egin zituen, horietako bi aipaturiko lehendabiziko partzialean.

Pilota atzera bota zuen aukera bakanean lortu zuen Alberdik bere lehendabiziko tantoa (7-1) eta, azkenerako, berak egindako bakarra izan zena. Dena dela, honek ez zuen urduri jarri Zenotzekoa eta hurrengo tantoa aldekoa izatea lortu zuen, berriro ere aldeak handitzen jarraitzeko.

Etxeberria ondo jardun ez ezik, Alberdik egun traketsa ere izan zuen. Hain alde handiekin jokatzean, gehiegi azeleratu nahi izan zuen jokoa eta hori ez zitzaion batere ongi etorri. 12-1eko markagailuarekin iritsi ziren lehendabiziko atsedenaldi luzera. Nafarrak alde batetik bestera mugiarazi zuen gipuzkoarra eta ezinbestez lur jota ikusi zitzaion etenaldian.

Bere maila eman ez izanagatik eta gehiago estutu ez izanagatik triste agertu zen partidaren bukaeran, behin dutxa hartu eta burua hoztuta. «Nik ez dut asmatu, nire muturraren aurrean jausten zitzaidan botea eta erabakitan eskas aritu naiz», onartu zuen, betiere aurkariak «partida ona» egin zuela nabarmenduta.

ONDO HASTEAREN KONFIANTZA

Etenalditik bueltan ere dinamika berarekin jarraitu zuen partidak eta Etxeberriak gora botatako pilotakada batekin igo zen markagailura urdinaren bigarren tantoa (14-2), tanto piloteatuenean, hain zuzen ere. Baina sakea alde izanda ere, Alberdik ez zuen asmatu bere jokoa egiten eta, honek kanpora botatako pilotakada bati esker, Peio Etxeberriak sakea berreskuratu zuen, zuzenean 22raino iristeko.

«Ondo hasteak beti ematen dizu konfiantza puntu hori eta gero dena atera zait. Ezkerpareta ukitu dute pilota askok eta Jonek hor ezin zuen ezer egin», azaldu zuen Zenotzekoak, final-laurdenetarako ligaxkako «sariarekin» benetan pozik. «Sari ederra zegoen jokoan. Orain, hiru aste, handienekin lehiatzera. Oso gustura, eta ea ostiraleko partida prestatzen dugun», adierazi zuen.

Iaz, Etxeberria bera egon zen Alberdiren lekuan, Darioren aurka, Oñatin, 22-2 galdu eta kanporatuta geratu ostean. Aurten, arantza hori kendu, eta estreinakoz arituko da koadro nagusian. Dario bera izango du aurkari ostiralean, Azkoitian, eta Ezkurdia eta Jaka izango ditu multzokide.

Beste multzoan, Laso, Altuna, Elordi eta Elezkano II.ena lehiatuko dira. Hala, orotara, Aspeko sei pilotari sailkatu dira koadro nagusira eta Baikoko ordezkariak bi besterik ez dira izango: Laso eta Jaka, hain zuzen ere.