EDITORIALA

Etxebizitza krisia goia jotzen ari da

Datuak gurutzatzeak atalka banatutako estatistiken analisiak baino askoz informazio argiagoa eman ohi du. Hala, Fotocasaren etxebizitza-eskaintzen prezioak Infojobs atariak eskaintzen dituen batez besteko soldatekin lotu dituen txostenak ondorio oso argigarriak utzi ditu, euskal langileek etxebizitza bat eskuratzeko duten zailtasunari buruz. Ondorio nagusia da 80 metro koadroko etxebizitza bat erosteko urteko 9,8 soldata oso behar direla Gipuzkoan; 9, Bizkaian; 8,8, Araban; eta 6, Nafarroan. Lehen hirurak Estatuko 6,7ko batez bestekoaren oso gainetik daude. Hortaz, Hego Euskal Herrian etxebizitza eskuratzeko soldataren %50 inguru gehiago inbertitu behar da, nahiz eta lansariak ere Estatuan baino altuagoak diren.

Zifra horiek erakusten dute gero eta kontraesan handiagoa dagoela bizitoki bat eskuratzeko egungo ereduaren eta nagusi diren lan-harremanen artean. Gure gizartean, batez ere erosketan oinarritutako etxebizitza eskuratzea lehenetsi da, eta horretarako epe luzerako lan-egonkortasuna eta aurreztea ahalbidetzen duten soldatak behar dira. Alta, lan-harremanen ezaugarriak kontrakoak dira: behin-behinekotasuna, diru-sarrera irregularrak eta epe luzera aurrezteko gaitasun urria. Etxebizitzen prezioen eta soldaten arteko tartea gero eta handiagoa da. Horren ondorioz, besteak beste, gazteek oso berandura arte ez dute emantzipatzeko ahalmenik. Bizimodu autonomoa izateko ezintasun hori islatzen da jaiotza-tasa txikian ere. Erosketan oinarritutako egungo etxebizitza eredua gero eta zama handiagoa bilakatzen ari da langileek eta, batez ere, gazteek, etorkizun duina izateko.

Etxebizitza erostean oinarritutako egungo eredua lurzoruari gainbaliorik handiena ateratzeko pentsatuta dago, eta ez guztiok bizitoki bat izateko dugun eskubidea bermatzeko. Soldata zati gero eta handiagoa horretara bideratu beharrak, gazteen emantzipazio berantiarrak eta jaiotza-tasa txikiak adierazten dute eredu hau mugara iristen ari dela. Etxebizitza krisia ez dator soilik -garrantzitsua bada ere- interes-tasen igoeratik, etxebizitza erostearen aurrean alternatibarik ez egotetik baizik.