Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Yeray, defentsako eskuin hegalean jokatzeko prest

De Marcosek ezingo du derbia jokatu zigorturik dagoelako eta Lekue lesionaturik dago. Yerayrekin batera, Capa eta Paredes dira beste aukerak.

Yerayk 200 partida jokatu ditu Athleticekin.
Yerayk 200 partida jokatu ditu Athleticekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ernesto Valverdek defentsako eskuin hegalean hutsune bat izango du Realaren kontrako derbian. Oscar De Marcos zigorturik dago eta ezin izango du parte hartu. Bosgarren txartel horia atera zioten azken jardunaldian, 34 urte betetzear dagoen arabarrari. Aurtengo Ligan minutu gehien jokatu duen jokalaria da eta zaila izango da ordezkatzea.

De Marcosek atseden pixka bat izan duenean Iñigo Lekue aritu izan da haren lekuan, baina lesionaturik dago. Ander Capak, berriz, 33 minutu bakarrik jokatu ditu bost partidetan. Beste aukera bat Aitor Paredes edo Yeray eskuin hegalera mugitzea izan daiteke. Espanyolen kontrako azken partidan Paredes zelairatu zuen Valverdek azken minutuetan.

Yerayk Lezaman hitz egin zuen entrenamenduaren aurretik eta lateral gisa jokatzeko «prest» dagoela esan zuen, entrenatzailearen esanetara dagoela eta postua ezagutzen duela. Eskuin hegalean gutxitan aritu dela gehitu zuen erdiko atzelariak eta aspaldi ez duela toki horretan jokatu. «Moldatu beharko naiz eta taldekideei galdetuz ikasi, ahalik eta ondoen egiteko», esan zuen.

SIMON, GRIPEAK JOTA

Athletic Ligako sailkapen nagusian zazpigarren tokian kokatu da, azken jardunaldian Espanyolen zelaian irabazi ondoren. Reala Txapeldunen Ligako postuetan ailegatuko da San Mamesera eta partida irabaztea zaila izango dela onartu zuen Yerayk. Jarraitzaileen babesarekin taldean bat gehiago izango direla ziurtatu zuen eta jasotzen dituzten animo guztiak eskertu zituen.

Ikusteko dago Unai Simon larunbatean jokatzeko moduan egongo den. Atzo ezin izan zen entrenatu gripeagatik. Hilabete bat lesionaturik eman ondoren, hamaikakora itzuli zen Espanyolen aurka eta huts egin zuen azken minutuetan jasotako golean.

Derbira begira, Athleticek “Ikusi Mendizaleak” kantuaren egilea omendu eta abesteko asmoa dauka partida atarian. Peña zuri-gorriek kalejira bat ere antolatu dute fanfarre baten laguntzarekin.