Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Aniztasuna

Shah Jahan enperadore mogolak eman zuen Taj Mahal jauregia eraikitzeko agindua, gogokoen zuen eta haurgintzan hil zen emaztearen omenez. Mumtaz Mahal izena zuen emakumeak, «jauregiko kuttuna».

1632an hasi zituzten lanak, persiar jatorriko Ustad Ahmad Lahouri arkitektoaren gidaritzapean. Lahourik Indiako beste eraikin ospetsu baten diseinua osatuko zuen gero, Delhiko Gotorleku Gorria. Hogei urte behar izan zituzten indiar, persiar eta islamiar artea uztartzen dituen jauregi hori eraikitzeko. 20.000 langilek baino gehiagok -eta mila elefantek- parte hartu zuten, Indiakoak, Persiakoak, Europakoak zein inperio otomandarrekoak.

Mogoldar arkitekturaren harribitxi eta, oro har, Indiako aberastasun artistikoaren adibide den Taj Mahal Munduko Ondare aitortu zuen Unescok 1983an. Hemendik aurrera Indiako haurrek ez dute datu hauek ezagutzeko aukerarik izango . Historia “indiartzeko” egitasmoari jarraituz, Modiren gobernuaren azken erabakietako bat izan da testuliburuetatik Mogol inperioari egindako erreferentzia oro kentzea. Hiru mendetako historia kolpe bakarrean ezabatua, kulturalki eta erlijiosoki anitzegia delako. Bien bitartean, AEBetan Floridako gobernadore Ron DeSantisek arraza, gutxiengo etnikoak, generoa eta sexualitatea hizpide dituzten liburu zein irakasgaiak debekatu ditu hezkuntzako maila guztietan. Bere azalpena: aniztasunak gatazka eragiten du gizartean.