Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ESKUBALOIA

Bera Berak Gijon izango du aurkari final-laurdenetan; Granollers, jaitsiera fasera

Euskal derbia jokatu zen Gascan eta donostiarrek sekulako jipoia eman zioten Zuazori. Bizkaitarrek lur jota hasiko dute jaitsiera fasea. Beti Onak-ek porrota jaso zuen Elxen aurka (15-21). Atzo erabaki zen Bera Beraren lehen aurkaria play-offetan: Gijon.

Cristina Polonio (Bera Bera) eta Mada Fernandez-Agustirentzat azken euskal derbia izan zen atzokoa.
Cristina Polonio (Bera Bera) eta Mada Fernandez-Agustirentzat azken euskal derbia izan zen atzokoa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bera Berak Motive.co Gijon taldea izango du aurkari play-offetako final-laurdenetan. Liga erregularreko azken jardunaldian erabakitzeke geratzen zen gauza bakarra zen: zortzigarren postua, alegia.

Asturiarrek ez zuten hutsik egin azken sailkatu Grafometal La Riojaren aurka (26-20) eta salbazioa bermatu zuten. Horrekin, play-offak jokatuko dituzte eta erregulartasunean abilena izan den talde donostiarrarekin neurtuko dituzte indarrak, bi partidara.

Gijongo taldea izan edo Granollers izan -honek berdindu egin zuen Valladoliden (28-28)-, kasik berdin-berdin zaio Imanol Alvarezen taldeari, ligan bi aurkari horien gainetik pasatu baita. Ez atzo Donostian jokatu zen euskal derbian erakutsitako nagusitasunarekin, baina bai gehiago denaren konfiantzarekin.

Aipatu zortzigarren postuaren lehiak, erabat itzalean utzi zuen jokoan ezer ez zegoen euskal derbia. Bera Berak, gainera, gupidarik gabe jipoitu zuen jada burumakur zetorren Zuazo. Gascan 41-17 galdu ostean, lur jota geratu da, jaitsiera fasea abiatzeko astebete geratzen dela.

Kolore urdina izan zuen derbiak -aurreikusi legez- eta entrenamendu moduko bat izan zen donostiarrentzat; sufrimendua, bizkaitarrentzat, gauza positiborik nekez atera daitekeelako.

Zalduaren gidaritzapean ondo hasi ziren barakaldarrak (1-3), baita defentsan ere, Berasategi, Permach eta Zalduaren beraren altuerarekin. Baina Mariane Fernandesek hutsune ñimiñoa baliatu, eta Loidi, Cavo eta Hernandezen gol banarekin, 5. minuturako aurretik zeuden etxekoak (5-3). Kaos bilakatu zen orduan Zuazo eta Haitok hutsartea eskatu bazuen ere (8-3), ezer gutxirako balio izan zion.

Bigarren zatian (20-12), gainetik pasatu zen Bera Bera, defentsan atea ondo itxiz -Aallaren ikuskizuna ere apartekoa izan zen, jaurtiketen %38 geldituz- eta erasoan eraginkorrak izanez. 14 minutu behar izan zituen Zuazok 2. zatiko lehen gola egiteko, (Bengoetxeak, 32-13) eta, pentsa, Hernandezek berak bakarrik Zuazok baino gol gehiago sartu zituen bigarren zatian (6).

Hain erraz irabazita ere, ondorio gutxi atera ditzake Imanol Alvarezek -donostiarrek Kopako azken fasea jokatuko dute ostiraletik aurrera-, baina behintzat minutuak modu orekatuan banatzeko baliatu zuen ermuarrak. Zati bakoitzaren erdian talde osoa aldatu zuen -atezaina izan ezik- eta apenas igarri zen.

HILABETE ERABAKIGARRIA

Derbi desitxuratuarekin eta Beti Onakek Elxen aurka jasotako porrotarekin (15-21) bukatu da liga erregularra. Kopa jokatuko da datorren astean, baina baita jaitsiera faseko lehendabiziko jardunaldia ere.

Hor izango dira Zuazo eta Beti Onak, egoera zeharo ezberdinean. Bizkaitarrek, azken sailkatu gisa abiatuko dute txapelketa, 3 punturekin. Aurretik errioxarrak egongo dira, 4 punturekin; ondoren, Granollers, 8 punturekin eta sailkapenaren goialdean, Beti Onak, 9rekin. Lan erdiak eginda dituzte nafarrek, baina Maca Sansek GARAri adierazi bezala, partidak jokatu eta irabazi egin beharko dira. Huts egiteko marjina badauka Atarrabiako taldeak; ez, ordea, Zuazok. Partida guztiak irabazi beharko ditu jaitsiera saihesteko eta benetan lan nekeza izango da. Denek denen aurka jokatuko dute, bi partida aurkari bakoitzarekin, eta puntu gutxien dituzten bi taldeak jaitsiko dira.

Batzuentzat jaitsiera izango den bezala, Bera Berarentzat ere fase erabakigarria izango da datorren hilabete eta erdia. Liga erregularreko liderra izan da -aise, gainera-, baina oraindik ez du ezer lortu. «Tituluen benetako borroka orain hasiko da», Menendezek atarikoan adierazi zuenez.

2019tik ihes egiten dion Kopa altxatu nahiko du datorren astean, Malagan. Elx izango du aurkari final-laurdenetan -aurkari gaiztoa- eta, gertatzen dena gertatzen dela, ondoren liga irabazteko borrokan sartuko da buru-belarri, irabazteko desioa eta presioa kudeatuz.