Maddi TXINTXURRETA
M28-AREN ATARIAN

Konformismoari eta aldaketari bosna neurri

M28 hauteskunde eztabaidan, EAJko nahiz PSEko hautagaiek Gipuzkoako Aldundian egin dutena nabarmendu zuten. EH Bildukoak eta Elkarrekin Podemosekoak gobernantzaren eredu aldaketaren beharra agertu zuten. PPkoa, eztabaidan aldenduago, tantaka proposamenak banatzera mugatu zen.

Echeveste (EP), Asensio (PSE), Mendoza (EAJ), Iriarte (EH Bildu) eta Lezama (PP),                                    Unibertsitateko ordezkariekin.
Echeveste (EP), Asensio (PSE), Mendoza (EAJ), Iriarte (EH Bildu) eta Lezama (PP), Unibertsitateko ordezkariekin. (Jon URBE | FOKU)

Hauteskunde eztabaidek, mikrofono bana baino gehiago, neurgailu bana jartzen dute hautagai bakoitzaren aurrean, aditzera ematen dutena zerk konformatzen dituen eta zertan bultzatu nahi duten aldaketa. Horretara ausartu ziren, atzo, datorren maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak: EAJko Eider Mendoza, EH Bilduko Maddalen Iriarte, PSEko Jose Ignacio Asensio, Elkarrekin Podemoseko Miren Echeveste eta PPko Mikel Lezama.

Donostiako Deustuko Unibertsitatean, Gizarte Laneko graduko ikasleen aurrean, bakoitzak bere espektatibak eta anbizioak agertu zituen; lehen aldiz Gipuzkoan, denak euskaraz. Eztabaidako lehen blokean aberastasuna eman zien mintzagai Felix Arrieta moderatzaileak, eta ez ziren asko lokaztu hautagaiak: denak ados agertu ziren sektore estrategikoak indartuz aberastasuna sortu behar dela esatean, baita bide horrek ekoizpen baliabideen jasangarritasuna zaindu behar duela baieztatzean ere.

Alta, eztabaidan osoan eman zituzten datuetan igarri ahal izan zen -asmo on hutsalagoez beste- hautagaiek defendatzen dutenaren arteko aldea. Zeren, objektibotasunez janzteko ohitura badago ere, kanpainako leloak besteko subjektibotasuna gorde dezakete datuek: zeintzuk eman aukeratzeak dakar zeintzuk ezkutatu erabakitzea; ematen diren moduak agertzen du sarri nork esan dituen. Eider Mendozak esan zuen, hain zuzen, «fake news-en garaian» bizi garela eta datuak askotan «oker» erabiltzen direla. Berak eman zituen zenbait zenbaki; demostratzeko Gipuzkoako ehun industrialean Aldundiak «apustu sendoa» egin duela, nabarmendu zuen industriak eta hari lotutako zerbitzuek BGParen %40 osatzen dutela. Gipuzkoa Europan «punta-puntan» dagoela ikusarazteko esan zuen 807 kooperatiba osatuta daudela, 28.500 langile dituztenak. Eta ulertarazteko lurralde hau Europako «herri aurreratuenen mailan» dagoela, ospatu zuen BPGaren %2,69 berrikuntzara bideratzen duela Foru Aldundiak.

Aldiz, gainerako hautagaiek bestelako irakurketa bat konpartitu zuten publiko gaztearekin. Industriari buruzko datuak beste modu batera eman eta irakurri zituen Iriartek, esanez egun Gipuzkoako industriak badituela «arriskuak» eta «ahulguneak». «Momentu honetan BPGaren %27,6 da [sektoreari lotutako zerbitzuak aparte] eta 2008an %32,4 zen. Beraz, beheranzko joera horri nola aurre egin aztertu behar dugu, pentsatuz nola egin jasangarri industriaren ekoizteko moduak», gaineratu zuen.

Berrikuntza eta garapenean Aldundiak egindako inbertsioari, halaber, baxuegia deritzo, ez baita Barne Produktu Gordinaren %3ra iristen, Europak zehaztu bezala.

LEIHATILA BAKARRA?

Gizarte politikaren arloan Aldundiak egindako lana nabarmendu zuten Asensiok eta Mendozak, gizarteko sektore zaurgarrienak zaintzeko hautua egin dutela berretsita. «Sekulako ahalegin kolektiboa egiten dugu denok Gipuzkoan zaurgarrienak zaintzeko. Aurrekontuaren erdia gizarte politiketara bideratu da, azkenengo zortzi urteetan 161 milioi euro gehitu dira urtean. Noski, ez da sistema perfektua, baina aitortu behar dugu gure ongizate sistemak ongi erantzuten duela», esan zuen hautagai jeltzaleak. Asensiok, halaber, arlo honetan instituzio ezberdinen artean bultzatu duten «elkarlana» goraipatu zuen, herritarrek instituzioengana jotzeko «leihatila bakarra» behar dutela azpimarratzearekin batera.

Echevestek, bere aldetik, Gipuzkoako egungo foru Gobernua osatzen duten alderdietako hautagai sozialistak esandakoa gezurtatu zuen, eta leporatu zion, «aspaldiko» aldarrikapena den arren, leihatila bakarrik ez dagoela oraino. «Beharra duen familiak nahasmen burokratiko batekin topo egiten du laguntza lortu arte, irisgarritasun arazo larriak dira. Laguntza onak dira, baina lortzeko zailtasunak daude», zehaztu zuen.

Zaintza izan zen gizarte politiken bueltako eztabaida zentratu zuen beste arreta puntuetako bat, eta EH Bilduko nahiz Elkarrekin Podemoseko hautagaiek zaintza lanak bide pribatuetatik sustatzea leporatu zieten Mendozari eta Asensiori. Echevesteren iritziz, zaintza zerbitzuak publikoa eta komunitarioa izan behar du, eta zerbitzu hau ezin da «langileen baldintzak okertzen dituzten enpresa pribatuen esku utzi», bestela «merkantilizazio objektu» bilakatzen baita, langileen eta zaintzaren hartzaileen kaltetan.

Iriarteren ustez, erakundeek «ez diote beharrezko erantzuna eman zaintzen krisiari», eta jarrera hori «desberdintasun sozialen eragilea» dela deitoratu zuen. «Premiazkoa da zaintzaren kontzepzioa aldatzea -esan zuen-, eta zaintza publiko komunitarioaren aldeko apustua eta doakotasunerako bidea marraztu behar dela uste dut».

Mikel Lezamak, bestalde, iradoki zuen Gipuzkoak zaintzaileen estatutu bat behar duela, langile hauen «ongizatea bermatzeko» eta haien baldintzak hobetu daitezen.

FISKALITATEAREN ERTZAK

Fiskalitateari buruzko blokean agertu ziren desadostasun gehien. «Sistema justu eta progresiboago» baten beharra defendatu zuen EH Bilduko hautagaiak, eta adierazi zuen EAJk eta PSEk bultzatutako «aldian aldiko» aldaketak ez direla nahikoa. «Azkenengoa PPrekin egin zen aurrekontuen negoziazioaren markoan, eta gero bi deflaktazio etorri ziren, gure ustez guztiz erregresiboak direnak», oroitu zuen. Koalizioaren hautagaiak beharrezkotzat jo zuen presio fiskala handitzea -%38,3koa da Gipuzkoan, Europan batez bestekoa %41,8koa den bitartean, zehaztu zuenez- «aberastasuna hobeto banatzeko»: «Arrakala dagoen bitartean ezin dugu konformatu».

Asensiok azken legegintzaldian Madrildik martxan jarritako ekimenak aipatu zituen, aberastasun handien gaineko zerga, esate baterako. Hala ere, zerga sistemaren inguruko hausnarketa behar dela adierazi zuen, oroz gain ondoko gaien inguruan: «PFEZaren berrikuspena, sozietateen gaineko zergaren tipoaren aldaketa, eta krisi garaietan elkartasun zerga mantentzearen eraginkortasuna aztertzea».

ASENSIORI: IRIARTE ALA MENDOZA?

Asensiok nabarmendu zuen aurreko M28ko hauteskundeetan ere bere alderdia izango dela Gobernu osaketaren «giltza».

Eta, galderen txanda irekita, aukeretan zuzenena bota zion Gizarte Graduko ikasle batek Jose Ignacio Asensiori. «Egoera iristen denean, noren alde egingo duzu, Maddalen Iriarte edo Eider Mendoza?» Erantzun irekia eman zuen hautagai sozialistak hasieran: «Gipuzkoako errealitate plurala eta gipuzkoarren izateko modua errespetatzen duen horren alde». Baina laster zedarritu zituen aukerak EAJren alde. Memoria izateko eta iraganarekin «hiperkritikoak» izateko eskatu zien gazteei, EH Bilduri dardo bat botatzeko intentzioarekin, nahiz eta, aipatu gabe ere, haren alderdiak gerra zikinean izan zuen ardurak airean utzi duen dardo hori.