GARA
TUNISIA

Oposizio nagusia itxi eta haren agintaria atxilotu dute Tunisian

«Arabiar Udaberriak» sortutako itxaropenen desengainuarekin boterera iritsi zen Kais Saied presidente autokratak urrats berri bat egin du, Ben Ali diktadore zenaren etsenpluari jarraitzeko. Ennahdaren buruzagia atxilotu eta alderdi islamiarraren egoitzak itxi ditu.

Ghannouchi ospitalera eraman zuten, atxilotu ostean.
Ghannouchi ospitalera eraman zuten, atxilotu ostean. (Fethi BELAID | AFP)

Kais Saied presidente autokrataren Poliziak Ennahda alderdia islamiarraren agintari eta Parlamentu legitimoaren zuzendari Rached Ghannouchi atxilotu ondoren, Tunisiako talde politiko indartsuenak herrialde arabiarrean dituen egoitza guztiak itxi ditu eta bertan edozer bilera egitea debekatu du.

Ghannouchi asteleheneko azken orduan atxilotu zuten eta atzo ospitalera eraman zuten. Saiedek 2021ean disolbatu zuen Parlamentuko presidenteak adierazpen batzuk egin zituen asteburuan, non bere alderdiak Tunisian ordezkatzen duen islam politikoa debekatzearen aurka ohartarazten zuen. «Horrela balitz, gerra zibilaren atarian geundeke», esan zuen.

Barne Ministerioak azaldu duenez, haren atxiloketak aipatu adierazpenekin zerikusia izango luke.

Hala eta guztiz, atxilotzeko unea ez da nolanahikoa. Egunero ramadanaren baraualdiari amaiera ematen dion «iftar»-aren orduan atzeman zuen Poliziak, «Zoriaren» gau sakratuaren bezperan, gainera.

Ghannouchi joan den otsailean eraman zuten «terrorismoaren aurkako» epaile baten aurrera, Poliziak «zapaltzaile hutsak» zirela salatu eta gero. Azken urteotan makina bat aldiz atxilotu dute ustez yihadismoa bultzatzeagatik edo karitatezko erakunde islamiarrei dirua bideratzeagatik. Aske utzi izan dute orain arte.

Atzo Ghannouchi ospitalera eraman zuten. Ennahda alderdiaren buruzagiak eta Arabiar Udaberriaren ondoren Tunisiako gobernuburua izan zenak 81 urte ditu.

Bide batez, Poliziak alderdi islamiarrak herrialdean dituen egoitza guztiak itxi ditu, Tunisia hiriburukoarekin hasita.

Ennahdak eta beste alderdi batzuek osatzen duten Nazio Askatasunerako Frontearen egoitza guztiak ixteko agindua ere eman du Barne Ministerioak. Tunisiako oposizioaren koaliziorik indartsuena da Frontea.

Azken hilabeteetan hogeitik gora ordezkari politiko eta pertsonaia ospetsu atxilotu ditu erregimenak, tartean zenbait ministro ohi, enpresa gizonak eta Tunisian gehien entzuten den irratiko (Mosaïque FM) zuzendaria.

Saieden erregimenaren noraeza gero eta nabariagoa da, eta iraultzak kanporatu arte Ben Ali diktadore zenaren zantzuak hartzen ari da.