Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA - KOPA

Alice Divak atea giltzaz itxi eta Arcos eta Fernandesek aurkariarena zulatu

Bera Berak finalerdietarako txartela lortu zuen Elx taldea aise garaituta. Atezain brasildarra protagonista izan zen bere geldituekin; Arcos eta Mariane, berriz, golekin: bien artean, 17 gol egin zituzten. Atletico Guardesen aurka jokatuko dute gaur.

Fernandes eta Arcos, Bera Beraren erasoko protagonistak, garaipena ospatzen.
Fernandes eta Arcos, Bera Beraren erasoko protagonistak, garaipena ospatzen. (J.L. RECIO | RFEBM)

Pamela Rodrigues atezainaren aurpegia Mariane Fernandesen jaurtiketa indartsu eta geldiezinaren aurrean, markagailua 28-17 zegoela... Aurpegi horrek laburbiltzen du partida ondoen. Etsipen aurpegia, nahi eta ezinarena, ezinegonarena... menderatua izan zaren seinale.

Gutxik espero zuten moduan garaitu zuen atzo Bera Berak Elx taldea, Kopako finalerdietarako sailkatzea lortzeko. Alacanteko taldea aurkari zorrotza izan da gipuzkoarrentzat, batez ere kanporaketei dagokienez -2021eko Superkopako finalean eta 2021 eta 2020ko Kopako partidetan, esaterako-. Partidaren atarikoan ere ohiko galdera bilakatu zen, baina Imanol Alvarezek zein jokalariek ondo esan bezala, beraiek egin zezaketena ondo eginez gero, asko izango zuten irabazteko. Eta ondo egin ere. Bikaintasuna lortzea -zer den ez dakigunean- nekeza da, baina Bera Bera oso gertu ibili zen 5. minututik 20.enera.

Defentsa sendoa eta korrika egitea. Horiekin, bi minutuan, 5-0ko partziala ezarri (7-3) eta garaipena ederki bideratu zuten donostiarrek, Alice Fernandesen ezinbesteko laguntzarekin. Jokalari asko izan ziren protagonista atzoko partidan, baina atezain brasildarra oso fin aritu zen -ez soilik bere atea defendatzen, baita bestea zulatzen ere, gol bat egin baitzuen-. 10 minutuan Alacantekoak golik ezin eginda ibili ziren (11-3, 15. minutuan) eta, bitartean, Imanol Alvarezen taldeak erasoan baloirik galdu gabe jarraitzen zuen. Alegia, bikaintasunetik oso gertu. Ate aurrean, Paula Arcos eta Mariane Fernandes nabarmendu ziren; orotara, 9 eta 8 gol eginda, hurrenez hurren. «Pistan zoriontsu» izatea zen brasildarraren helburua, atarikoan GARAri onartu zionez, eta ederki lortu zuen. Irribarre egiten duenean, gauzak ondo doazen seinale.

TALDEAN HUTSUNERIK EZ

Fernandesen irribarrea oso kutsakorra da eta Elke Karstenek hori ongi nabaritu zuen. Argentinarra hasieratik aritu zen -Arrojeria beranduago sartu zen jokoan, eta a ze erakustaldia honena ere- eta golak bakarrik ez, jokoa ere zuzendu zuen. Polonio eta Gavilanen kide perfektua bilakatu zen.

Sarraskia handiagoa izan zitekeen, 17-5eko markagailua ezarri baitzuten lehen zatia bukatzeko bost minutu falta zirenean. Eraso batzuk «gehiegi luzatzearen» eta defentsan «leunago» ibiltzearen ondorioz -Alvarezek hutsartean erabilitako hitzak-, 0-4ko partziala jaso zuten eta apur bat gerturatu zen Elxeko taldea (17-9).

Aldea gehiegizkoa zen bigarren zati osoa geratzen zen. Katastrofe handiegia gertatu beharko zatekeen -2017an Rocasaren aurkako finalekoa baino handiagoa-. Bera Bera oso fin zebilen: lau jokalarik jaurtiketetan %100eko estatistikarekin bukatu zuten, beste hiruk %65etik gora... Aldiz, Elxeko Van Zijl, Guilabert, Andreu eta Do Nascimentok %50etik behera bukatu zuten. Horra hor Bera Beraren garaipen handia deskribatzen duen datua.