Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Etxe barruko giroari begirada, zortzi ipuinen bitartez

Bikote harremanak eta familiartekoak aztertu ditu Esti Martinez iruindarrak bere lehen ipuin bilduman: “Animalia domestikoak” (Elkar). Zortzi istorio jaso ditu, denak etxean kokatutakoak; etxeak denon sekretuak ezagutzen ditu, eta hor ezin dugu ezer ezkutatu.

Esti Martinez, «Animalia domestikoak» ipuin bilduma aurkeztu aurretik.
Esti Martinez, «Animalia domestikoak» ipuin bilduma aurkeztu aurretik. (Maialen ANDRES | FOKU)

Ipuinak idazten aspaldi hasi zen Esti Martinez iruindarra. Duela bost urte poema liburu bat kaleratu zuen, Donostiako sari bat irabazi ostean, baina, aitortu duenez, berak nahiago du prosa, eta batez ere ipuinak, bai idazle bai irakurle bezala. Horregatik heldu zion horri. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aspaldian jakin zuen Martinez ipuinak idazten ari zela, eta animoak eman zizkion. Bilduma prest zuen iazko udaberrirako, baina argitaletxeak liburu asko zituen esku artean eta aurkezpena aurtengo udaberrira atzeratzea erabaki zuten. Oraingoan ere, Elkarrek liburu mordoxka ditu besapean. «Pozik nago udaberriko loratze honen parte izateagatik», aitortu du idazleak ‘Animalia domestikoak’ (Elkar) aurkeztu duenean.

Zortzi ipuin bildu ditu azkenean Martinezek, antzez harremanik ez dutenak. Baina aurkezpena prestatzean konturatu zen badutela zerikusirik; denak etxeko giroan kokatzen dira eta harreman intimoak dituzte oinarrian, familiartekoak. Hala ere, dena normal dagoela iruditu arren, ipuin guztietan gertatzen da zerbait egoerari buelta ematen diona, zerbait surrealista. Azalean ere hori islatuta agertzen da, alegia, «ireki behar ez genuen atzeko atearen giroa».

Gaiei dagokienez, askotarikoak dira eta desirak, sekretuak, doluak edota iraganeko minak agertzen dira. Bikote harreman desberdinak -gertuago egon nahiko luketenak, gertu egon arren urrun sentitzen direnak-, guraso eta seme-alaben artekoak kontatzen dira, eta laguntasunari buruzko bat ere badago. «Gehienek bat egiten dute etxeko espazio intimo horretan. Pertsonaiek bertara eraman naute. Etxeak badakizki gure sekretu guztiak, eta erakutsi nahi ez dena ezkutatzea oso zaila da», adierazi du idazleak.

Liburuaren izenburua, ‘Animalia domestikoak’, ipuinetako baten izenburua da eta ez die animaliei erreferentzia egiten, pertsonei baizik, gu baikara animalia domestikoak, etxean bizi direnak eta bizirik irauteko teknika bereziak erabiltzen dituztenak.

Ipuinen aukeraketa egiterakoan ez du zalantza handirik izan. Izan ere, baten bat gehiago amaitu gabe zuen, eta besteren bat amaituta, baina ez zuena konbentzitzen. Gainerakoak jaso ditu bilduman. Izan duen babesari buruz kontatu du, literaturan «hasiberria» denez, Iruñean ez duela mundu horretan adituak direnen sarea.