Garazi ARANAGA
KOLABORAZIOA

Ez da bidezkoa

Gure semea 2021eko urrian jaio zen eta jaio baino lehen izena emanda zeukan herriko ikastolan. Bertan ikastea nahi genuen, bere lehengusinek eta lehengusuak ikasten duten lekuan, bere aitak eta osabak ikasi zuten lekuan eta bere aititek 39 urtez irakatsi zuen lekuan.

2022ko irailean ikasturtea hasi zuen urte bateko gelan. Harrera oso ondo joan zen, gure semea oso ondo egokitu zen, bertan dauden maisu eta andereñoei esker, eta jarraian erreferente bezala onartu zituen. Guraso bezala, horrek lasaitasuna eman zigun. Nork nahi du bere seme-alaba egunero txarto joatea haur eskolara? Inork ere ez.

Argi geneukan, ikastolan jarraitzean nahi genuen, bere ikasketak bertan burutzea. Eta ideia horrekin, matrikulazio garaia heldu zen. Baina matrikulazioa sorpresa batekin etorri zen: Eusko Jaurlaritzak inkesta bat betetzea eskatu zigun matrikulazioa burutzen genuen familia guztiei. Inkestan agertzen ziren galderak ez ziren batere normalak; esate baterako, ea zenbat liburu ditugun gure etxean, streaming plataformarik ordaintzen dugun edota literatura klasikoko libururik badugun. Ez genuen ulertzen zer zela-eta galdera horiek, ez genuen ikusten erlazio zuzenik matrikulazioarekin.

Ikastolatik Eusko Jaurlaritzaren plana azaldu ziguten: zaurgarritasun maila herriko ikastetxeen artean parekatzea, herri eta auzo batzuetan sortzen diren ghettoak ekiditeko. Inkesten erantzunaren arabera, umeak zaurgarri edo ez zaurgarri etiketatuko zituzten eta gero ikasketa-zentro bakoitzean matrikulazioa burututako familien emaitzen arabera, posible izango zen ikasle batzuk herriko beste ikasketa-zentro batera bideratzea.

Gu ez gaude ideiaren kontra; egia da leku batzuetan ghetoak existitzen direla eta modu batean edo bestean ekidin behar direla. Baina ez horrela.

Betidanik ume zaurgarrientzat lekuak gorde behar izan dira itunpeko ikastetxeetan. Eta kasu batzuetan, plazak baino matrikula eskaera gehiago zeudenean, familia batzuek haien lehen aukera ez zen beste ikastetxe edo eskola batean egin behar izan zuten matrikula. Baina egungo egoera ez da hori, matrikula baino plaza gehiago daude eskola, ikastetxe eta ikastoletan.

Gure semeak ez du Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki politikoaren errurik, baina zuzeneko kaltetuetako bat da. Oraindik urte bi bete ez duen ume bat, munduan gauza onak baino egin ez dituena.

Ez da bidezkoa leku eta maisu-maistra talde batera ohituta dauden umeak bertatik ateratzea. Ez da bidezkoa haien etorkizunarekin jolastea. Ez da bidezkoa bi urteko umeen kontra egitea. Ez da bidezkoa.