Jon ORMAZABAL
Entrevue
Eneko MAIZ
Berezkoen Binakako Txapelketako finalista

«Kasualitatez heldu nintzen trinketera, kide baten lesioagatik»

Igandean Berezkoen Binakako finala jokatuko da Baionan eta bertan Etxeberria-Ducassouk Bidasoaz hegoaldeko bikote baten aurka jokatuko du: Maiz-Sanchez. Iaz debuta eginda, Villabonako aurrelariak lehen finala izango du eta ilusioz gainezka dago horren atarian. Elkarrizketa osoa, NAIZen irakurgai.

(Patxi BELTZAITZ | MEDIABASK)

Lehen txapelketa eta lehen finala. Dena azkar eta ondo joan da zuretzat?

Bai, Binakako Txapelketa nagusian jokatzea bera ere ezustea izan zen niretzat, nondik nentorren ikusita. Bigarren mailatik hasi ginen, eskuetatik oso-oso gaizki, bolada txarra pasatu nuen urte hasiera horretan. Lehen mailan jokatzea sari moduko bat izan zen, gainera Luis Sanchezekin: lagun handia dut. Biok Hegoaldekoak izanda, ilusio berezia egin zidan eta begira, finalean gaude orain eta oso pozik.

Luis Sanchezekin jokatzeak bi alderdi ere baditu, atzelarietan onena delako eta gustagarria behar duelako haren ondoan aritzeak, baina presio berezi bat ere badu, ezta? Ia behartuta zaude irabazi edo goian egotera?

Aurretik ere esan izan dut ezker paretan gaur egun Zabaletak markatzen duen aldea bezalako zerbait dela. Nik uste dut trinketean koxka bat gorago dagoela, atzelarietan behintzat; badakigu Ducassou ere hor dagoela, beti maila ematen duela, baina Luis beste abiadura puntu bat sartzen ari zaio pilotari, kantxan ere oso erraz ibiltzen da eta gozamena da berarekin jokatzea. Baina, aldi berean, esaten duzun bezala, presio pixka bat ere badakar, jakin egin behar da noiz sartu eta noiz ez, pilota onak uzten ere jakin behar da; txapelketa honetan elkar ondo ulertu dugu, finalera heldu gara eta ia zer egiten dugun.

Nolako finala espero duzu?

Gogorra. Eurek arazo batzuk izan dituzte, Ducassouk partidaren bat ez zuen jokatu, Etxeberria ere ez zen gure aurka aritu, baina badakit biak puntu onean daudela, partida oso gogorra izango dela, eta opari gutxien egiten duenak asko izango du irabazia.

Txapelketa hau ikastaro trinko bat bezalakoa izango zen.

Bai, halakoa izan da. Gainera, enpresak gure alde apustu moduko bat egin zuen: Hegoaldeko bi batera. Udan bi txapelketa jokatu genituen batera eta biak irabazi genituen, eta txapelketa honetan biok batera ikusteko gogoa zegoen enpresaren aldetik. Saiatu dira bikoteak orekatuak egiten eta oso-oso intentsoa izan da: astero-astero partida bat. Momentu onean heldu zaigu aukera hau bioi eta ia txapelarekin etekina ateratzen diogun.

Urte gutxian Bidasoaz hegoaldeko pilotariok lekua egin duzue berezkoetan. Nolakoa izan da prozesu hori?

Oso pozgarria da. Nik urte dezente daramatzat afizionatuetan jokatzen. Luisena, nik uste dut, kasu berezia izan da: sekulako saltoa eman du azken bi edo hiru urte hauetan eta zuzenean profesional egin zuten. Baina bai, beste bi bizkaitar ere badira (Inhar Ugarte eta Ekhi Ziarrusta), iaz sartu ziren profesionaletan eta ia pixkanaka Hegoaldean ere indarra hartzen hasten den. Badakigu ez dela erraza, hemen ezker paretan dagoen afizioarekin, baina jendeak ikustea gu bezalako pilotariak daudela Iparraldean eta maila ona emateko aukera dugula, nik uste dut hori pozgarria dela.

Zu ere hasi ezker paretan hasi zinen, ezta?

Bai, bai. Hemen ohitura den bezala, txikitan pilotan hasi ginen, bost bat urte genituenean, hemen ezker pareta besterik ez genuen ezagutzen eta kasualitatez heldu nintzen trinketera. Villabonako elkarteko lagun batek min hartu zuen eta haren ordez sartu nintzen Gipuzkoako txapelketan trinketean eta irabaztea lortu genuen. Hortxe etorri zen probatzeko aukera, eta gero txapelketa gehiago jokatu nituen. Hendaiako elkarteak ere deitu ninduen beraiekin Iparraldeko txapelketa jokatzeko eta hor etorri ziren partidak, etorri ziren munduko txapelketak. Ikusi genuen trinketean maila ona ematen ari ginela eta azken urteetan trinketean bakarrik zentratu gara.

Profesionaltasuna ezker paretakoarekin alderatu ahal da?

Berdina denik ez dago esaterik, gurea partiden araberakoa baita: guk ez daukagu hilero soldata finkorik. Baina egia da punta-puntan dabiltzanek soldata oso on bat izateko aukera dutela; hori bai, partiden arabera, emaitzen arabera. Esango nuke trinketeko pilotari guztiek beste lantxo bat daukagula; neuk ere 4/5 orduko lan bat daukat eta pilotari guztiek badute lantxo bat lanaldi erdiz edo nonbait lanean ibiltzen gara.

Gero egia da, era berean, punta-puntako pilotari batek bere entrenamenduak behar dituela, bere lan fisikoa eta teknikoa, eta ez zait iruditzen tailerrean 8 ordu pasatuko dituenik, baina, bai, lan finko bat izan beharra dago, esan dizudan bezala, soldata partiden araberakoa delako.