Arnaitz GORRITI
BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Sakeak eta garaipenak arnasa lasaitu diote Unai Lasori

Aurreneko erdian Danel Elezkanok estu hartu zuen Buruz Buruko egungo txapelduna, baina bizkaitarra 12-11 hurbildu eta gero, Lasok 10-0eko partzial bati esker hautsi zuen partida behin betiko.

Eskuinaren indarra ezarri zuen Lasok.
Eskuinaren indarra ezarri zuen Lasok. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jokin Altunaren aurka egundoko astindua hartzetik iritsi zen atzo Unai Laso Labrit pilotalekura. Hala, bistakoa izan zen Danel Elezkanoren aurka tarteka uste baino gehiago sufritzea tokatu zitzaiola pilotari nafarrari. Alabaina, sakeaz eman zuen mina eta bere eskuinaren indarra inposatu zuen neurketaren bigarren erdian. Elezkano II.a 12-11 hurbildu bazen ere markagailuan, 10-0eko partziala erdietsita partida aurrera ateratzea lortu zuen Buruz Buruko egungo txapeldunak. Eta bide batez, arnasa lasai hartzea.

«Sakeaz asmatu dut eta horri esker abantaila lortu dut, baina oso deseroso aritu naiz. Danelek bere ezker horrekin lanak eman dizkit, inoiz ere ez baita jakiten nora botako duen. Tentsio handia izan da kantxan, baina irabazi dugu eta finalerdietara iristea nire esku dago. Askoz hobeto horrela», onartu zuen Unai Lasok, Zaratamoko bere arerioari irabazi ostean egundoko lasaitua hartu ostean.

ARRISKU ETA AKATSAK

Danel Elezkano arriskatzeko prest abiatu zen aurreneko saketik. Unai Lasok, berriz, piloteoan nagusi izateko eskuin eskua bilatu zion behin eta berriz Zaratamoko aurrelariari.

«Lasai jokatu», gomendatzen zion behin eta berriro Jon Mariezkurrena botileroak Unai Lasori, tantoak luzatu ahala haren kolpea nagusitu zezan. Horrez gain, sakea berreskuratzeaz bat, markagailuan aurrea hartu eta aldea irekitzen zuen. Baina Elezkano ere jokatzeko zegoen, eta ezkerrez min handia ematen zion nafarrari, gerorako laga gabe errematea bilatuta.

Jokamolde horrek akatsak eragin zituen biengan, eta nolabait, partidaren aurreneko erdira aukerekin iritsi zen Elezkano: 12-11. Dena den, sakea berreskuratu zuen Unai Lasok eta sei tanto egin ere bai jokaldi horrekin. Horrek zabaldu zion garaipenerako bidea.