Surflari ernegatua

Dena eman

Hirugarren txanda hastear da. «Gaur surf taula etxean utzita etorri da», nabarmendu du esatariak. Esaldi eta esaldi artean Guns N’Rouses, Coldplay edo Queen taldeak, Tolosako zezen plazako bozgorailuetan. Erdigunean pentatloiko lehiakideak, ehun kiloko harri borobila jasotzen, 400 kiloko harria arrastaka bultzatzen, kana erdikoa aizkorarekin jotzen, 50 kiloko txinga bana eskuetan plaza zeharkatzen, edo borobilean korrika. Gaur ere surfaz hitz egingo dut, «por los».

Esatariak aipatzen duen surflaria Iñigo Landa da, surf taula alde batera utzi gabe herri kiroletan buru-belarri murgildu zen laguna. «Ni beti izango naiz surflaria», erantzuten die Mundaka edo Izuztarrin berarekin surf egiten zutenei. Egia da, aizkolari baten gorputza du gaur, surf egiteko egokiena ez dena, baina Mundaka edo Landetako olatu zail eta borobiletan tuboak egiteko gai da oraindik, edo baita Izuztarriko eskuin olatu handiak jaisteko ere. «Behar dudan gauza bakarra taula handiago bat da», azaltzen du.

Hondartzatik plazarako bidea egin zuen “kalekumea” ikustera joan nintzen larunbatean. Aizkolariek, harri-jasotzaileek eta nire lagunak liluratzen naute, baina haiei begira bada behin eta berriz burura etortzen zaidan galdera bat: zergatik gara euskaldunak halako astapotroak?

Netflixen ikusi berri dut munduko hainbat lekutan egiten diren kirol bitxien inguruko erreportaje bat eta hauxe ondorioztatu dut: «dena eman» esamoldeak oso leku gutxitan duela Euskal Herrian duen zentzua, alegia, esanahi literala. Ez da gauza bera euskaldun batek esatea edo, adibidez, katalan batek esatea.

Australia edo Kanadan, esaterako, aizkoran egiten dute, baina gehienez ere bi enbor ebakitzen dituzte, oso denbora laburrean, baina bi enbor. Euskal Herrian hogeitik gora kana erdiko mozten ikus ditzakegu apustu bat egin duten bi arerioak. Adibide bat baino ez da, baina mundua ulertzeko dugun moduaren isla ere bada.

“Gazta zati bat” dokumentalean Eskoziara joan ziren bi aizkolarik izan zuten pasartea kontatzen dute. Kalean aizkorarekin aritzea edo adingabe bat aizkoraz aritzea ezinezkoa zela ulertarazi nahi zien ordezkari eskoziar batek Euskal Herriko delegazioa osatzen zutenei. Euskaldunek ez zuten ulertzen; izan ere, ahal da, alegia, egitea posible da, beste gauza bat da debekatua egotea.

Pentsamendu horiek denak ditut buruan armailetatik ikuskizunari so nagoen artean. Ondoan lagunak ditut, haien artean Lasaitxo, bere urtebetetze eguna ere ospatzen ari baikara, eta serio azaltzen die entzuteko prest daudenei helburua ez dela kanporaketa edo irailean Azpeitian egingo den txapelketarako sailkapena; bere hitzetan, guztia bere urtebetetze egunaren baitan antolatua izan da. Artean, lehian ari diren lagunak orroka eta txaloka animatzen ditu.

Maite dut herri kiroletako giroa. Badakit inoiz ez dudala surf munduan halako girorik ikusiko, herri kiroletan, plazan bakarrik ez, harmailetan ere lagunak dena emateko prest daude eta.