GARA
PAPEETE

Bigarren itzuliak independentisten garaipena berretsi du Polinesian

Oscar Temaruren alderdiak Edouard Fritch autonomistaren alderdiari irabazi egin zion Polinesiako hauteskundeen lehen itzulian. Bigarren itzuliak Tavini alderdiaren garaipena baieztatu du, eta datozen bost urteetan independentistak Gobernuan izango dira, Parisekin lurraldearen estatusaz negoziatzeko adina indar lortuta.

Oscar Temaru, Tavini alderdi independentistaren garaipena ospatzen.
Oscar Temaru, Tavini alderdi independentistaren garaipena ospatzen. (Suliane FAVENNEC | AFP)

Independentistek lurralde hauteskundeak irabazi dituzte Polinesian. Bigarren itzulia igandean egin zen, eta garaipen honek bost urtez agintea bermatu die independentistei. Eta ez hori bakarrik, lurraldearen estatusaren inguruan negoziatzeko bidea ireki die emaitza honek.

Oscar Temaru Polinesiako presidente ohia buru duen Tavini zerrenda independentistak botoen %44,2 lortu zituen. Hala, emaitzak bereziki mingarriak izan dira agintean zegoen alderdiarentzat, Tapura Huira’atira autonomistarentzat, eta, beraz, Polinesiako presidente den Edouard Fritchentzat. Honen zerrendak botoen %38,5 lortu ditu.

Temaruk tartea ezarri zuen egungo presidentearekiko, Fritch autonomistarekiko (Emmanuel Macronen gertukoa), apirilaren 16an egin ziren hauteskundeetako lehen itzulian. Orduan Tavini alderdi independentistak botoen %34,9 lortu zituen. Fritch bere aurkari nagusiak, aldiz, botoen %30,46 bildu zituen.

Igande honetako emaitzak gehiengo osoa ematen die independentistei Lurralde Batzarrean, 57 eserlekuetatik 38rekin, eta indar egoeran jartzen ditu deskolonizazio prozesu bat eta lurralde horren autodeterminazio erreferendum bat negoziatzeko, Europa bezain handia den eta bost artxipelago biltzen dituen lurraldean, Paristik 17.000 kilometrora dagoena.

Hirugarren zerrendak, Nuihau Laurey presidenteorde autonomista eta kontserbadore ohiarenak, botoen %17,1 bildu zituen, Goi Komisarioaren Bulegoaren arabera.

Apirilaren 16an lehen itzulian kanporatuak izan ziren alderdien botoen zati handi bat eraman du alderdi independentistak. Gainera, autonomisten arteko elkar ulertze ezak Temaruren alde jokatu dute.

Alderdi ezkertiar eta independentistak, Nupes ezker hexagonaleko aliantzarekin akordio bat sinatu ondoren, emaitza handia lortu zuen 2022ko Estatu frantseseko hauteskunde legegileetan. Izan ere, Polinesiako hiru diputatu eserlekuak irabazi zituzten, autonomistei boto zenbaketa honetan porrot gogorrena eraginez.

Emmanuel Macronen aliatu den Edouard Fritchek koronabirusak eragindako pandemian bere gobernuaren komunikazio txarra ordaindu du hauteskundeetan. Balantze ekonomiko nahiko positiboa izan arren, Polinesiak 2022an jasandako inflazio handia (%8,5) ere egotzi dio iritziaren zati batek.

«BELDURRAREN BOTOA»

Tavinik «beldurraren botoari» aurre egin behar izan dio kanpaina honetan, lurraldearen independentziaren aurkako alderdiek bultzatuta. Orain, Estatu frantseseko Gobernuaren solaskidea izango da. Parisek lurraldea estrategikotzat jotzen du, Pazifikoan ezarrita dagoen «Europako potentzia bakarra» izateko aukera ematen baitio. Gainera, beti uko egin dio kolektibitate horretan autodeterminazio erreferendum bat antolatzeari.

Hala, Taviniren hautagaiekbaztertu egin dute Kaledonia Berrian abian den deskolonizazio prozesuarekin parekatu daitekeen subiranotasun galdeketa bat berehalakoan antolatzea, baina agindu dute lehen lerroan jarriko dituztela lurraldeko gai sozial larrienak, eta horrek, era batera edo bestera, Tahitiren eta Parisen arteko harremanak berriz ebaluatzera eramango dituela.

«Polinesiarrek aldaketaren alde bozkatu dute. Gobernua aukera demokratiko hori aintzat hartzen ari da», adierazi du Twitter bidez Gerald Darmanin Estatu frantseseko Barne ministroak. «Gehiengo hautatu berriarekin lan egingo dugu konpromisoz eta zorroztasunez, gure herritar polinesiarren egunerokotasuna hobetzen jarraitzeko», gaineratu zuen.

Lehen aldia da independentistek gehiengo sendoa dutela Polinesian. 2004 eta 2013 arteko aliantzen eta hausturen arabera eraitsiak izanik, ez diote sekula botereari eutsi agintaldi oso batean.