Maite UBIRIA
BAIONA

Baiona eta Donostia arteko zuzeneko tren zerbitzua irudikatzeko ordua

Euroeskualdeak mugikortasuna erraztea eta jasangarriagoa egitea ditu helburuen artean. Iazko ekainean Elgarrekin gune intermodala Hendaian inauguratu ondoren, eguneroko joan-etorriak aintzat hartuko dituen Baiona eta Donostia arteko zuzeneko tren zerbitzuaren ezaugarriak zehazten dituen txostena eskuetan dute kudeatzaileek.

SNCF eta Euskotren konpainien geltokiak ardatz ditu Hendaiako eremu multimodalak.
SNCF eta Euskotren konpainien geltokiak ardatz ditu Hendaiako eremu multimodalak. (Guillaume FAUVEAU)

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) gaineko eztabaidaren tenperatura igo egin da azken garaian, bereziki Bidasoa ibaiaren hegoaldean.

Lakuako Gobernuaren plangintzak kolpe latza jaso du, 2030. urterako beranduenez Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara heltzekotan zen Bordele eta Okzitaniako Tolosa arteko tren lerroaren jarraipena batere segurtatuta ez dagoela jakin ondoren.

Frantziar Estatuak garraio politikaren norabidea finkatzen duen erakundeak horren gibelatzea gomendatu zuen iazko abenduan. Bide batez, 2042. urteko data berria ezarri zuen mahai gainean Parisek, hala EAEko Gobernuak «Euskal Y» delakoari buruz hitzemandako enegarren egutegia zapuztuz, noiz eta hauteskunde kanpainaren atarian.

Hurbileko zerumugan AHT ez agertzeak ez lioke, ordea, Bidasoaren bi aldeen arteko lotura garatzeko egitasmoari kalte egin behar. Izan ere, mugaz gaindiko mugikortasuna erraztea eta jasangarriagoa egitea xede duen eskema multimodala lantzeko tartea badu Euroeskualdeak.

Egitasmo horren barnean, hiru urteko lanen ondotik, iazko ekainean Elgarrekin izena duen gune multimodala inauguratu zuten Hendaian.

Ekitaldira bertaratu zen Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak abiadura handiko Atlantikoko Korridorearen premia nabarmendu zuen, Akitania Berriko presidente den Alain Roussetekin batera Lapurdiko hautetsi gehienek errefusatzen duten AHT berria eraikitzeko egitasmoa aldarrikatuz.

BI TREN GELTOKIEN ARTEAN

Gune multimodala sortu ondoren, Baiona eta Donostia arteko zuzeneko tren lotura izanen dela ondoko helburua adierazi zuten, bereziki, Ipar Euskal Herriko agintariek eta SNCFk, alde batetik, eta Euskotrenek, bestetik, Lapurdiko kostako hirian kudeatzen duten tren zerbitzuen bi geltokien artean, iazko ekainaren 28an eginiko ekitaldi horretan.

«Sortzeko bidean den hirugarren erreiari esker, posible behar luke aipaturiko tren konexioa 2025erako martxan izatea», esan zuen Urkulluk.

Zertan datza eguneroko joan-etorrien ikuspuntutik eraginkortasun handia izango lukeen Baiona eta Donostia trenez lotzeko egitasmoak? Baiona-Biarritz-Angelu hiri eremua eta Gipuzkoako hiriburua lotuko lituzkeen zerbitzua zehaztapen fasean sartu dela ondorioztatu daiteke, Euroeskualdeak ‘Transfermuga-rrekin' europar proiektuan sartzen den trenbide eskaintza berriari buruz jasotako txosten exekutiboa irakurrita.

Lehenik eta behin, joan-jinen %85 autoa baliatuz egiten diren eskualdean, mugaz gaindiko tren zerbitzua hobetzeak lukeen eragin sakona irudikatzeko balio du aipaturiko azterketak. Alde horretatik, txostenak argiki azaltzen du, eremu sozioekonomikoa aztertuta, garraio publikoaren sustapenerako «potentzialitate» handia dagoela Baiona eta Donostia arteko eskualdean.

Egun zatiturik dagoen korridore osoa aintzat hartuta, 15 tren geltoki badira Lapurdiko eta Gipuzkoako hiriburuen artean. Hori bai, eskaera maila batik bat Baiona eta Donostia arteko lotura zuzenari dagokiola argitzen du txostenak. Hala, joan-etorri kopuru orokorretatik, 2.500.000 bi polo horien artean kokatzen da. Horregatik proposamena da mugaz gaindiko tren eskaintza berezia sustatzea, geldiune gutxiago izanik ibilbide zuzenak eskainiko dituenak.

Txostenak iradoki du, bestalde, zerbitzuaren maiztasuna faktore erabakigarria dela, erabiltzaileak trenera erakarriz auto partikularren erabilera bide batez murrizteko.

«LEMAN EXPRESS», EREDU

‘Transfermuga-rrekin’ egitasmo europarra izanik, ba al da nora begiratu ereduen bila? Baiezkoa da erantzuna. Euroeskualdeko erabakitzaileak Suitzako Geneva hiria eta Frantziako Saboia Garaia eskualdea lotzen dituen Leman Express trenari beha dira.

Ildo beretik, oinarrizko eskaintza orokorra plantan ematea hobetsi du Euroeskualdeak, ondoko urteetan hori zabaltzera jokatzea baztertu gabe. Xehetasunean sartuta, 06.00etatik eta 00.00ak arte, ordu oroz zerbitzu bi bermatzea litzateke asmoa: tren erdi-zuzen bat, alde batetik, eta omnibus bat, bestetik.

Denboraren aldetik, gaur egun Baiona eta Donostia arteko ibilbidea egiteko gaur egun 79 minutu behar badira, tren zerbitzu berriarekin 25 bat minutu aurreztuko lituzkete bidaiariek (54 minutu).

Azpiegiturak sustatzeko orduan erakundeek erabilpen maila «goraipatzera» jotzen dutenez, prebisioak zuhurtziaz hartzea komeni da. Hori esanda, ikerketaren arabera, zerbitzu berriari esker kilometroko 34 milioi bidaiari izatetik 122 milioira igarotzea aurreikusten da.

Abiadura Handiko egitasmoek eskatzen dituzten aurrekontuekin alderatuta, gertuko tren zerbitzua garatzea askoz merkeagoa da. Hala, orotara, 83 milioiko inbertsioa -hornikuntza gaiak eta tailer bat martxan emateko- eskatuko luke Baiona eta Donostia arteko konexioari bultzada handia eman diezaiokeen tren zerbitzua martxan emateak.

Bi aldeetako erakundeek duten eskuduntza maila ezberdina tarteko, desmartxa administratiboen soka luzea izan daiteke oraindik. Hala ere, hirugarren erreiaren auzia konpontzen denean, oztopo tekniko nagusia desagertu egingo da. Pisuzko arrazoirik ez legoke, beraz, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko eguneroko joan-etorriak «modu eraginkor eta jasangarriago batez» antolatzeko parada eskainiko lukeen tren zerbitzu berriari argi berdea emateko.