NAIZ IRRATIA
Entrevue
Zorion Egileor
Aktorea

«‘El hoyo 2’ filmatzen hasiko gara maiatzaren 18an»

Une profesional gozoan dago Zorion Egileor aktore mundakarra. Atzo Bilbon hasi zen FANT Zinemaldi Fantastikoan ohorezko saria jaso zuen, eta laster mundu mailako arrakasta eman zion filmaren bigarren partea filmatzen hasiko da. Nolanahi ere, bihotzean antzerkia daramala aitortu zigun NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

(TRAUKO MANAGEMENT)

2019. urtean Galder Gaztelu-Urrutiak ikusle guztiak aho bete hortz utzi zituen “El Hoyo” filmarekin, beldurrezko generotik oso gertu dagoena baina batik bat deserosotasuna eragiten duena.

Sekulako arrakasta izan zuen gurean, bai eta gure mugetatik kanpo ere -Oskar sarietarako aurretiko hautaketan izan zen-. Protagonistetako bat Zorion Egileor aktorea izan zen, pertsonaia aztoragarri baten azalean jarrita.

«El Hoyo izan da niretzat zineman arrakastarik handiena. Munduari eta nire bizitzari beste buelta bat ematea suposatu du», aitortu zuen mundakarrak NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean, primizia hau eman aurretik: «“El hoyo”-ren bigarren partea hasiko gara grabatzen maiatzaren 18an».

«Isil-isilik egin genuen, beldurrarekin, jakin gabe zer aterako zen hortik, eta sekulakoa izan zen. Ez dut esango euskal zinemaren arrakastarik handiena izan zenik, baina bai mundu osoan zarata gehien egin duena», aipatu zuen. Izan ere, Euskal Herriaz gain, Estatu espainiarrean, Europan, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan arrakasta handia izan zuen. «AEBn hiru hilabetez lehen postuan mantendu zen plataformetan». Japonia, Txina eta Hong Kongen ere sekulakoa izan da.

Ospe horrek Egileorren bizitza erabat aldatu du. Pozik dago. «Ni orain Durangora edo Stockholmera noa, berdin du, eta ezaguna naiz. Lotsatu egiten naiz askotan, baina gero pentsatzen dut merezi dudala urte asko eman ditudalako honen bila, edo nire lanaren trukean txaloen bila, eta orain txalo bero-beroak jasotzen ari naiz munduko leku guztietan, eta hori polita da. Orain autografoak beharrean, selfieak eskatzen dizkidate», esan zuen barrez.

“El Hoyo” filmatu ostean beste proiektu askotan parte hartu du: “Ilargi guztiak”, “Agur Etxebeste”, Disneyrentzako telesail bat, “Objetos” koprodukzio argentinarra eta amaitzen ari diren “Tras la pista de la rubia platino”.

Udan “El Hoyo 2”-ren filmazioan arituko da, eta ondoren komedia bati ekingo dio erregistroa guztiz aldatuz. Gero Alemaniarekin koprodukzio batean parte hartuko du eta segidan telesail batean jardungo da. «Berandu hartu dut olatua, baina...», esan zuen txantxetan. «Profesio honetan badakizu nola gabiltzan. Gora, behera, behera, gora... Orain lasai nago eta lana ondo datorkit. Burua eta gorputza ondo ditut; beraz, horrela nagoen bitartean, aurrera!».

ANTZOKIAREN USAINA

Pianoa jotzen, antzerkian, zineman eta telebistan aritu izan da, eta horietatik zein nahiago duen galdetuta, ez du inolako zalantzarik: antzerkia. «Antzokiaren usaina, jendearen usaina, zarata... beste gauza bat da. Nik gehiena antzerkia egin dut. 60 urte baino gehiago eman ditut, eta hor arrakasta handia izan dut, baina lan isilagoa da», azaldu zuen.

Atzo hasi zen FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 29. edizioa, eta bertan omendu zuten. Saria jasotzean inprobisatutako esker oneko diskurtsoa eman zuen, hala egiten baitu beti. Beste zortzi sari ditu, «urte askoan» irabazitakoak.

Ohorezko sarietako bat emango diote. «Sari bat hartzea beti da ona. Ez nuen horrelako saririk espero, beraz, ongietorria da», esan zuen umiltasunez. Era berean, gogoratu zuen igandean, Alondegian, bera agertzen den “Viejos” filma proiektatuko dutela.

Egileorrez gain, Paco Plaza zuzendariari ere (“Rec”) ohorezko saria emango diote. Belen Rueda aktoreak, ordea, Izar Fantastikoa saria jasoko du eta “Cerdita” filmak, berriz, Fantropia saria. Fant atzo hasi zen eta hilaren 13an amaituko da. 47 emanaldi eskainiko dira; horien artean Europa mailako hiru estreinaldi izango dira eta Estatu espainol mailako beste lau. Euskal zinemak bere tartea izango du film laburren sailean, eta nostalgikoek film klasikoen eskaintzarekin gozatu ahal izango dute.