GARA
WASHINGTON

DEAk 3.300 pertsona atxilotu ditu Sinaloako eta Jaliscoko kartelen aurkako operazioan

Drogaren Aurkako Agentzia estatubatuarrak (DEA) jakinarazi duenez, 3.337 pertsona atxilotu dituzte herrialde osoan eta 44 milioi pilula inguru eta ia 3.000 kilo fentanil hauts atzeman dituzte “Last Mile” izeneko operazioan. Sinaloako Karteleko eta Jaliscoko Karteleko kide, bazkide eta banatzaileen aurkako operazioa izan da; alegia, Mexikoko erakunde narkotrafikatzaile nagusien aurkakoa.

Horrez gain, 41 tona metanfetamina, 8.500 su-arma eta 100 milioi dolar baino gehiago atzeman dituzte eskudirutan, 2022ko maiatzaren 1etik 2023ko maiatzaren 1era bitartean egindako 1.436 ikerketetan, DEAk berak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

«Fentanilezko hauts eta pilulak ia 193 milioi fentanil dosi hilgarriren baliokide dira, eta horiek Estatu Batuetako gure komunitatean egotea ekidin dugu. Horrela, drogen pozoiak eragindako heriotza kontaezinak saihestea lortu dugu», azpimarratu zuen DEAk.

«Sinaloa eta Jaliscoko kartelek hainbat hiritan jarduten duten banaketa-sareak erabiltzen dituzte. Kaleko banda bortitzen indarkeriari fentanilarekiko eta metanfetaminarekiko adikzioa gehitu behar zaizkio. Horiek bat egiten dutenean indarkeria biderkatu egiten da eta heriotza gehiago gertatzen dira», nabarmendu zuen Anne Milgram DEAko zuzendariak.

Hala, Washingtoneko gobernuak adierazi du Mexikok fentanilaren trafikoa eteteko ahalegin «handiagoa» egin beharko lukeela; iaz Estatu Batuetan 100.000 heriotza eragin zituen. Oposizio errepublikanoak, berriz, Mexikon interbentzio militarra eskatu du, arazoari bertatik bertara aurre egiteko.

SARE SOZIALEN BIDEZ

Egindako ikerketen arabera, kasu askotan narkotrafikatzaileek Facebook, Instagram, TikTok, Snapchat, Whatsapp, Telegram, Signal, Wire eta Wickr sare sozialak erabiltzen zituzten transakzioak egiteko, mezu pribatuen gaineko kontrola txikia baita.

Bereziki «kezkagarritzat» jo zuen sare sozialak eta enkriptatutako plataformak erabiltzea beren operazioetarako eta «biktimengana iristeko», horrela erraza baitzaie bezeroekin kontaktatzea, droga eskaini edo haien arteko tratuak adosteko.

DEAk nabarmendu zuenez, “Azken Milia” operazioa «Sinaloa eta Jaliscoko karteletako kideen aurka abian jarritako mundu mailako sarearen adibide bat da».

Hala, apirilean DEAk eta AEBetako beste administrazio batzuek Sinaloako Karteleko 28 kide eta bazkide salatu zituzten formalki, Mexikotik, Txinatik eta Erdialdeko Amerikatik aritzen zirenak, Los Chapitos izeneko karteleko liderrak barne. Taldearen izena Joaquin “El Chapo” Guzman ospetsuaren semeengatik da, haiek ere kide baitziren.