EDITORIALA

Bortxaketen biktimak, oraindik justiziatik urrun

Josep Maria Tamarit Universitat Oberta de Catalunyako Zuzenbide Penaleko katedradunak gidatutako ikerketa baten arabera, Espainiako epaileek bortxaketak gutxiago zigortzen dituzte bikotekideak edo bikotekide ohiak egin baditu. Mila epai inguru aztertu ondoren, ikerketak agerian utzi du akusatuak biktimen bikotekide edo bikotekide ohiak badira, kasuen %62 kondenatuak izaten direla, eta gainerakoetan, akusatuen %79k kondena jasotzen dutela. 17 puntuko aldea ez da akats estatistikoa, eta horrek joera bat erakusten du. Bikoteen eta bikotekide ohien kasuan ere, kondenaren iraupena urtebete inguru txikiagoa izan zen, eta kalte-ordainak 5.000 euro inguru txikiagoak. Orokorrean, biktimarekin harremanak izan dituztenek zigor gutxiago jasotzen dute; eta jasotzen dutenean, arinagoak izaten dira.

«Soilik bai da bai» legea onartu arte, Zigor Kodeak ez zuen inolako erreferentziarik jasotzen bikote harremanaren barruan gertatzen ziren bortxaketei buruz, eta, beraz, teorian ez zen horrelako ezberdintasunik gertatu behar. 2022ko erreformak ezarri zuen bortxaketa bikotearen barruan gertatzen zenean zigorrak larriagoak izan behar zuela, baina oraindik goiz da aldaketa horren irismena baloratzeko. Bestalde, azterlanak gogorarazten du zigorrek larriagoak izan behar luketela bortxaketak biktimarengan eragin psikologiko larria izan duen kasuetan; baina, gehienetan peritu baloraziorik egiten ez denez, auzitegiak ez du aldaera hori kontuan hartzen. Azkenik, ikertzaileek adierazi dute estereotipoek -matxismoak, alegia- magistratuen juzguari ere eragiten diotela. Bortxaketaren modeloa baldin bada arrotz batek neska gazte eta erakargarri baten aurka egiten duena, erretratu horretatik ateratzen den kasu orok -bikotearen barruan gertatzen denean, esate baterako- zailtasun gehiago izan ditzake bortxaketatzat jotzeko. Hala ere, esparru horretan bestelako ikerketa kualitatiboagoak egin beharko direla adierazi zuten ikertzaileek.

PSOE, PP, EAJ, PdeCat eta Ciudadanosen botoez «soilik bai da bai» legearen aldaketarekin amaitu zen zenbait kondenaren berrikuspenaren inguruko polemika. Hala ere, Tamariten ikerketak agerian uzten du bortxaketekin lotutako inpunitatearekin amaitzeko ibilbidea luzea izango dela.