Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

TROPELEAN BIDEA IREKI DUTE EUSKAL TALDEEK, VUELTAN PRESENTZIA IZANDA

Espainiako Vueltan parte hartu duten hiru euskal taldeen balorazioa positiboa izan da. Laboral Kutxak jaso du uzta oparoena, Kontinental mailan talde onena izanda, eta podiumera birritan igota; Bizkaia Durangok lortu du zenbait ihesalditan presentzia izatea; eta Sopelak izan du zorterik txarrena, zenbait eroriko tartean.

Espainiako Vueltako bigarren etapako ihesaldian, Yurani Blanco Laboral Kutxako txirrindularia aurrean, eta Catalina Soto Campos Bizkaia Durangokoa, Blancoren atzean, eskuinean.
Espainiako Vueltako bigarren etapako ihesaldian, Yurani Blanco Laboral Kutxako txirrindularia aurrean, eta Catalina Soto Campos Bizkaia Durangokoa, Blancoren atzean, eskuinean. (GETTY SPORT)

Balorazioa positiboa da, oro har, Vueltan parte hartu duten euskal taldeentzat. Bizkaia Durangoko, Laboral Kutxako eta Sopelako txirrindulariek joan den astean korritu zuten Espainiako itzulia hilaren 1etik 7ra. World Tourreko taldeekin batera aritu ziren lehian, eta lasterketan «presentzia» izatea lortu zuten, zenbait ihesalditan sartuta. Yurani Blanco (Mallorca, 1998) Laboral Kutxako txirrindularia, Catalina Soto (Txile, 2001) Bizkaia Durangokoa eta Nahia Imaz (Altsasu, 2004) Sopelakoa mintzatu dira horren inguruan.

Laboral Kutxa izan da uzta oparoena jaso duena. Kontinental mailan talde onena izan da, eta podiumera birritan igo da saiatuenaren saria jasota. Blancok bigarren etapan lortu zuen saiatuenaren maillota, eta Alba Teruelek, hirugarrenean. Horrez gain, Teruel aurreneko hamarren artean sailkatu zen lehen bi etapetako esprintean, eta Blancok 27. postuan amaitu zuen Covadongako aintziretako azken etapan. «Uste dut esanguratsua dela Kontinental mailan talde onena izatea. Helburu nagusia lehiakorrak izatea zen, eta erdi mailako mendateetan muturra sartu dugu. Batez besteko maila asko igo da aurreko urteetakoarekin alderatuta, eta hori Laboral Kutxak txirrindulariak profesionalizatzeko egin duen apustuaren emaitza da», adierazi du Mallorcako txirrindulariak.

Bizkaia Durangoko taldekideek ere lortu dute «lasterketan presentzia izatea, kalitatezko txirrindulariak direla erakusteko». Hori bai, helburu nagusia ezin izan zuten bete: Daniela Campos sailkapen orokorreko lehen 20-30 postuen artean sartzea, alegia. Camposek eroriko bat izan zuen hirugarren etapan eta Vueltatik erretiratu zen. «Txirrindulari indartsuena zen, eta esperantza handiak genituen harengan sailkapen orokorrari begira», esan du Sotok.

Euskal taldeen artean, Sopelak izan du zorterik txarrena. Izan ere, taldeko txirrindulari batzuek erretiratu egin behar izan zuten. Horietako bat da Imaz. Bigarren etapan eroriko batekin aski ez, eta hirugarrenean ere jausi egin zen, eta, hala, lasterketa utzi behar izan zuen. «Arantza bat geratzen zait. Erori baino lehen ondo nindoan tropelean eta ezintasuna sentitzen duzu erortzean, baina gertatzen diren gauzak dira», adierazi du tristuraz Altsasuko txirrindulariak.

Erorikoak izan arren, Imazek uste du taldeak lasterketa «ona» egin duela, «kontuan hartuta Sopela Kontinental mailako talde bat dela, eta ez duela talde profesionalen maila bera». Maila horretako lasterketa batean, Sopelako txirrindularien helburu nagusia «esperientzia pilatzea» da, eta hurrengo lasterketei begira «erritmoa hartzea».

BIGARREN ETAPAKO IHESALDIA

Laboral Kutxa eta Bizkaia Durango taldeak, ordea, Sopela baino koska bat gorago daude, eta Vueltarako zuten helburuetako bat ihesaldietan protagonismoa izatea zen. Eta, hain justu, Vueltako bigarren etapako ihesaldian sartu ziren Blanco eta Soto. Horren inguruan, Txileko txirrindulariak adierazi du iaz ikasi zuela zein unetan eratzen den ihesaldi on bat, eta aurten, bere ustez, horiek ondo aukeratu ditu.

Mallorcako txirrindularia «pozik» dago egindakoarekin, eta, atzera begiratuta, ez zuen «pentsatzen orain hemen egongo zenik»: «Jauzia handia da. Duela pare bat urte lasterketa askotan kontrolera iristeko borrokan ari nintzen, itzuli bat bukatzeko borrokan. Orain, berriz, World Tourreko lehen 35 txirrindularien artean sartzeko lehiatzen ari naiz».

TROPELEAN, «ALDE HANDIA»

Hirurek bat egiten dute esanez «alde handia» dagoela euren eta tropeleko onenen artean. Hala ere, Blancok nabarmendu du «gero eta gertuago» daudela: «Zaila da horrelako aurkariei aurre egitea, haiek bi koska gorago daudelako. Hala ere, erdi mailako mendateetan edota goi mailakoetan, ez gaude World Tourreko onenak diren lehen 15-20 txirrindularien artean, baina bai, 30-40 sailkatuen artean, eta hori adierazgarria da». Horrez gain, Soto ausartu da esatera «Kontinental mailako txirrindulari batzuk aurrerago geratuko liratekeela World Tourreko txirrindularien azpiegitura berberak balituzte».