EDITORIALA

Tasak igo arren, prezioek gora egiten jarraitzen dute

Atzo argitaratu zituen inflazioaren hileko datuak Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN), eta oraindik prezioaren igoera mantentzen da. Apirilean prezioek berriro gora egin dute Hego Euskal Herrian, martxoko datuekin alderatuta: Bizkaian %0,5, Araban %0,6, Gipuzkoan %0,7 eta Nafarroan %1. Urtea hasi zenetik, prezioak %1,5 igo dira Nafarroan, %1,7 Araban, %1,9 Bizkaian eta %2 Gipuzkoan, hau da, lau hilabetetan gutxi gorabehera %2 igo dira, Europako Banku Zentralak urte osorako helburu gisa jarri duen kopurua. Alderdi positibo gisa, EINek adierazi zuen elikagaien garestitzea moteldu dela. Familien aurrekontuetarako kontsolamendu eskasa, elikagaien prezioek igoera handiak metatu baitituzte, zenbait kasutan indize orokorra bikoiztu -eta hirukoiztu ere- egiten dutenak.

Prezioen igoerak aurrera jarraitzen du, eta begi bistakoa da, orain arte hartutako neurriek oso eragin mugatua izan dute. Europako Banku Zentralak (EBZ) ahalegin guztia egin du interes tasak igotzen, eta horrek familien gastuak eta enpresen finantza gastuak are gehiago handitzea ekarri du. Gainera, azken bileran, EBZk zirkulazioan dagoen dirua erretiratzen hastea erabaki zuen. AEBetako Erreserba Federalak duela hilabete batzuk hartu zuen erabaki hori, eta zailtasun handiak eragin dizkie bankuei. Izan ere, dagoeneko hiru bankuk porrot egin dute. Eta egoera berdintsua errepika daiteke Europako bankuekin; azken finean, EZBk xurgatzen duen dirua bankuen balantzetik kentzen du. Oro har, interes tasak igotzeko bidean prezioak jaitsi egingo dira, baina ekonomia atzeraldian sartuko delako izango da.

Dogmak boteretsuak dira, baina gero eta onartuago dago inflazioak zerikusi handia duela enpresa-korporazio handiek duten merkatu boterearekin. Horregatik, prezioen gorakadaren aurka borrokatzeko modurik eraginkorrena botere korporatibo hori murriztea da. Alderdi honetako aukera nagusietako bat prezio jakin batzuen gaineko kontrola ezartzea da, gehieneko prezioak ezarriz, alokairuetarako planteatzen ari den bezala. Horrelako neurriak bai izango du herritar xumeen diru kontuetan eragin zuzena.