IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Zea Mays taldearentzat izango da hamargarren Adarra Saria

Adarra Sariaren hamargarren edizioan Zea Mays rock talde bizkaitarrak jasoko du saria. Izandako ibilbide «arrakastatsu eta kalitatezkoa» baloratu du epaimahaiak, eta nabarmendu du txalotzekoa dela horrenbeste lankide izatea diskoetan eta zuzenekoetan. Ekainaren 21ean jasoko dute saria, eta ondoren kontzertua emango dute Victoria Eugenian. «Berezia» izaten ahaleginduko direla aitortu du Aiora Renteriak.

2023ko Adarra Saria jasoko duen Zea Mays taldea artxiboko irudi batean.
2023ko Adarra Saria jasoko duen Zea Mays taldea artxiboko irudi batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

«Sariak beti irribarre handi batekin hartzen ditugu, oraingoan baita malkoekin ere, gure izena Euskal Herriko artista hain handien ondoan ikustearen emozioaz». Horiek izan ziren atzo goizean Adarra Sariaren irabazlearen berri emandakoan Zea Mayseko Aiora Renteriaren hitzak. Euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen eta egiten ari den artista edo talde bat omentzen dute urtero Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak sari honen bidez.

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak 2023ko Adarra Saria Zea Mays taldeari ematera erabaki du. Talde osoak ezin izan zuen prentsaurrekora agertu, lana tarteko; baina Aiora Renteria abeslaria joan zen taldearen ordezkari gisa, eta Jon Insausti, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak eman zuen erabakiaren eta epaimahaiaren iritziaren berri.

Insaustik eman zituen Aholku Batzordearen erabakiaren arrazoiak. 26 urteko musika ibilbidean taldeak maila oso altuari eutsi diola azaldu zuen, «kalitateari eta arrakastari dagokionez». Nabarmendu zuen euskal rockean eragin handienetakoa izan duen taldea dela eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen dela. Gaineratu zuen ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diotela sari honen bidez «eman duten guztia eta jarri duten bihotza»: «Nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, hainbeste lankide izatea diskoetan zein zuzenekoetan, bai Euskal Herriko artistekin, bai nazioartekoekin ere».

Renteriak adierazi zuen musika beti izan dela beraientzat «beharrizan bat», eta ibilbide guztiak zehar «barrutik eta bihotzez» sortzen saiatu direla. «Maite duguna egiteagatik sarituak izateak oso harro sentiarazten gaitu. Harro gaude bidean izan ditugun lagunez, ereindakoaz eta bildutakoaz. Sari hau denona da. Ematen diguzuen maitasunarekin, baietz beste 26».

26 URTEKO IBILBIDEA

Rock talde bizkaitarra izango da aurtengo saritua. Bilbon sortu zuten taldea 1997an Asier Basabe bateriak, Ruben Gonzalez baxuak, Iñaki Imaz gitarrak eta Aiora Renteria abeslariak. Urte hartan bertan jaso zuten Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketako saria, eta ordutik aurrera plazaz plaza eta oholtzaz oholtza ibili dira 26 urtean.

Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19.30ean, jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Victoria Eugenia antzokiko oholtzan. Jarraian, kontzertua eskainiko dute. Renteriak aitortu zuen jada ezagutzen dutela oholtza eta ahaleginduko direla «berezia» izan dadin. Zentzu horretan, adierazi zuen kolaboratzaile bereziak lotzen ahaleginduko direla: «Maila ona daukagulako eman digute saria, eta espero dugu ekainaren 21ean ere hori erakustea». Kontzertuko sarrerak maiatzaren 15ean salgai jarriko dira, 25 euroren truke, Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

HAMARGARREN EDIZIOA

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzia izan duten musikariei omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute.